Pilota

Jon Andetarrek jokoz kanpo utzi zituzten Ezkurdia eta Tolosa

Guaixe 2023ko abe. 14a, 10:13
Ezkurdiak ezin izan zuen partidaren hasieran jokoan gehiegi sartu. FELIX MORQUECHO, DIARIO VASCO.

Santa Lutzi eguneko Urretxuko jaialdian Peña II.ak eta Albisuk 10 tantotan utzi zituzten. Sailkapenean, Etxeberria-Zabaletak 2 puntu dituzte, Ezkurdia-Tolosak puntu 1, eta Altuna III.ak eta Martijak ez dute punturik

Zumarraga Urretxuko Santa Lutzi ferietan jokatutako pilota partidarekin despeditu zen Binakako Pilota Txapelketako hirugarren jardunaldia. Ezkurdiak eta Tolosak Peña II.a eta Albisu zituzten aurkari ikusmin handia sortu zuen pilota partidan. 

Ezkurdia eta Tolosa bikote indartsua da, baina oraindik ongi engranatu beharra dute, eta hori agerian geratu zen, akats dezente egin zituztelako. Jon Ander Albisuren kolpeari eta behetik gora egin zuen Jon Ander Peñaren erasoei aurre egiteko arazoak izan zituzten, eta hutsak bata bestearen atzetik kateatu zituzten; bien artean bederatzi tanto galdu zituzten. Tolosa zalantzati hasi zen hasieratik, eta Ezkurdiak ezin izan zuen asko sartu lehendabiziko piloteoetan. Baikoko bikoteak, gainera, ez zuen ezer oparitu. Bukaeran, 10 eta 22 galdu zuten Ezkurdiak eta Tolosak, euren bigarren porrota. 

Sailkapena
Binakako hirugarren jardunaldia jokatuta, honela dago sailkapena: Elordi-Rezusta dira liderrak (3 puntu), Jaka-Mariezkurrenaren aurretik (3 puntu). Peña II.a-albisuk eta Etxeberria-Zabaletak bina puntu dituzte, Artola-Imazek eta Ezkurdia-Tolosak puntu bana, eta Laso-Arangurenek eta Altuna III.a-Martijak jokatutako hiru partidak galdu dituztenez, punturik gabe daude.

Laugarrenak dakarrena
Binakako laugarren jardunaldia Euskal Herritik aterako da. Abenduaren 15ean, ostirala, Oiartzunen, Artola-Imazek Jaka-Mariezkurrena izango dituzte aurkari; abenduaren 16an, Vall d`Hebronen (Bartzelona), Ezkurdia-Tolosak Altuna III.a-Martijaren kontra jokatuko dute; egun berean, Labriten, Laso-Aranguren Peña II.a-Albisuren kontra lehiatuko dira; eta, bukatzeko, abenduaren 17an, igandea, Eibarren, Elordi-Rezustak P. Etxeberria eta Zabaleta izango dituzte aurkari. Indartsu dator, beraz, Binakakoa. 

B Seriean, Arbizu Bartzelonan
Promesen mailako Binakakoan, B Seriean, Salaberriak eta Arbizuk jokatutako hiru jardunaldietatik bakarra irabazi dute, lehen jardunaldikoa. Laugarren jardunaldia Vall d´Hebronen jokatuko dute, abenduaren 16an, larunbata, orain arte hiru jardunaldiak galdu dituzten De la Fuenteren eta Bikuñaren kontra.