Urbasako zortzi baso aprobetxamendu salgai

Guaixe 2023ko abe. 18a, 11:07

Urbasako pagadia. ARTXIBOA

Horretarako enkante deialdia egin du.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Urbasako 2021-2022 baso kudeaketa planari jarraituz, zortzi pago zurez osatutako zortzi baso aprobetxamendu saldu nahi ditu. Horretarako, enkantea deitu du, epaitzetakoren batean interesa duenak abenduaren 22ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. Guztien balioa 494.159,93 eurokoa da. Epaitzetakoren batean interesa dutenendako departamentuak bisita antolatu du abenduaren 19rako, 09:00etan; Urbasako guardetxetik abiatuko da. 

Salgai dauden epaitzek guztira 21.798,12 metro kubiko bolumena dute. Haien %76, 16.471,62 m3, basoan eginen diren bakanketetatik aterako dira, gainontzeko %24, 5.326,5 m3, berriz, biziberritze mozketengatik ateratakoa da. Aurreneko lotea Urkitxetan dago eta han bakanketa eginen dute. 912 oin moztuko dira 1.299 m3 egiten dutenak. Haren balioa 37.609,22 eurokoa da. Sakana parajean dago bigarren lotea. Han ere bakanketa eginen dute, 4.104 zuhaitz moztuko dituzte, 2.954,8 m3. Haren prezioa 65.146,38 eurokoa da. Hirugarren lotea Urguntzan dago. Bakanketa egiteko 8.343 oin moztuko dituzte eta haiek 3.753,91 m3 eginen dituzte. Loteak 54.163,61 euroko balioa du. Laugarren lotea Eskiza eta Frailezuloa dermioetan dago. Biziberritzeko mozketarekin 1.412 zuhaitz moztuko dituzte, 2.231 m3 egiten dutenak. Haren balioa 56.791,50 eurokoa da. 

Bosgarren lotea Iraigorri eta Obats aldean dago. Departamentuak bakanketa egin nahi du han. 2.465 oin moztuko dira, 3.084 m3 bolumena dutenak. Haren prezioa 59.059,25 eurokoa da. Ekaitzan dagoen seigarren lotea bakanketa baten ondorioz sortuko da. 5.257 oin dira eta 2.852,9 m3 bolumena dute. 41.163,35 euroko prezioa jarri dio departamentuak. Otsaportillon dago zazpigarren lotea eta 84.355,70 euroko balioa du. 2.647 oin moztuko dira eta 3.146 m3 bolumena dute. Zortzigarren lotea Klementiturri dermioan dago. 1.659 zuhaitzez osatuta dago eta 3.095 m3 egiten dute. Harengatik departamentuak 95.870,92 euro eskatu ditu.