Euskara oparitzeko lagungarria den webgunea

Guaixe 2023ko abe. 18a, 09:00

Euskarazko Produktuen Katalogoa sarean kontsultatu daiteke. UTZITAKOA

Interneten dagoen euskarazko produktuen katalogoak haur eta gazteei zuzendutako euskarazko eskaintzaren berri ematen du. Produktuak zortzi ataletan sailkatuta daude.

Eguberrietan opariak egiteko ohitura dugu. Garai hauetan haur eta gazteei euskara ere oparitu daiteke, eta horretan laguntzen du katalogoa.eus web orriak. Bertan jasotzen baita euskaraz sortutako makina bat produkturen berri. Hara sartzen denak bi aukera ditu lehenik, haurrak (0 eta 12 urte artekoak) edo gazteak (12 eta 16 urte artekoak). Bietakoren batean sartzen denak haur eta gazteentzako produktuak zortzi ataletan sailkatuta opatuko ditu: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoendako materiala. 

Produktuaren erreferentzia zehatza dago aipatu webgunean: produktuaren izena eta irudia, egilea, adin-tartea, argitaletxea, eta gutxi gorabeherako prezioa. Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du.

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998. urtean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena orduan, eta 115 toki-entitate dira gaur egun parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira. Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso ezberdinetako hainbat herritako udalek egin dute bat euskarazko produktuak sustatzeko egitasmo honetan: handiak nahiz txikiak; euskaldun kopuru altuko nahiz baxukoak… Horien artean dago Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua.