Trebakuntza euskara ikasten duten haurren gurasoendako

Guaixe 2023ko abe. 19a, 09:01

Amelia Barquin Lopez, filologia erromanikoan doktorea eta kulturarteko hezkuntzan aditua, saio batean ariko da. GOIENA

Euskara ikasten duten haurren aita-amei zuzenduta daude Era Eskolako saioak; euskaraz eta gaztelaniaz daude, interneten. Familien interesekoak diren gaietan adituak direnek informazioa eta baliabideak ematen dituzte.

Gurasoek hainbat erabaki hartzen dituzte seme-alaben ongizatea bermatzeko: elikadura, lotarako errutinak, praktika osasungarriak, mugak… Horietan bezala, euskara sustatzean ere gurasoek hainbat arlotan nola jokatu jakin nahi izaten dute: irakurzaletasuna bultzatzeko, eskolaz kanpoko jarduerak baliatzeko, pantailen kontsumo egokia ziurtatzeko, eskolako lanetan laguntzeko… Horretara zuzenduta daude Era Eskolan gurasoei eskaintzen zaizkien trebakuntza saioak.

Eranafarroa.eus webgunean dago gurasoendako trebakuntza eskola hori. Saioak euskaraz (labur.eus/35IFJ) eta gaztelaniaz (labur.eus/SOEJc) daude. Era Eskolako saioek interaktiboak izan nahi dute. Beraz, ikusleek kontsultarik egin nahi badute, YouTube kanaleko mintzaldien bideoetan iruzkinak egin ditzakete eta ondoko egunetan Euskarabideko edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko teknikariek erantzunen dute iruzkinean bertan.

Eskaintza

  • Kulturarteko hezkuntza, euskara eta familien hizkuntzak.
    Hizlaria: Amelia Barquin Lopez.

  • Nola lortu gure haurren inguruan euskara gehiago erabil dadin?
    Hizlaria:
    Kike Amonarriz Gorria

  • Euskararen sustapena nerabezarorako trantsizioan.
    Hizlaria:
    Nerea Permach Martin


Lankidetza
eranafarroa.eus web orria toki entitateetako euskara zerbitzuek sortutako eta Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez finantzatutako webgunea da, 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkiena, haurren euskararen ikas-prozesua osatzeko eta horretan laguntzeko. Eskolan euskara ikasten duten haurren familiendako guraso eskola, Era Eskola, 2020an abiarazi zuten. Haren helburua haurren gurasoei seme-alabak euskararekin motibatzeko moduak eskaintzea da.