Sarek "etorkizunari ateak lehenbailehen ireki" nahi dizkio

Guaixe 2023ko abe. 19a, 09:31

Hainbat etxarriarrek bat egin dute Sareren dinamikarekin. @SareEtxarri

Sarek Konponbiderako giltzak izeneko manifestua Gernikan aurkeztu zuen lastailaren 31n. Hilabeteko azken ostiraletan euskal presoen eskubideen alde egiten diren kontzentrazioetan haren berri eman zuen azaroaren 24an. Hilaren 29rako herrietan kontzentrazioak deitu ditu.

Sareko kideek azaldu dutenez, "espetxe politikak bilakaera garrantzitsua izan du azken hiru urteetan. Batez ere, 34 urte iraun duen urruntze politikaren akaberarekin". Nabarmendu dutenez "nahiz eta orain arte alde batera utzitako eskubideen aitortzan nabarmen hobetu den, oraindik ere Fiskaltzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak urrun jarraitzen dute espetxe politika justu batek lortu beharko lituzken helburuetatik". Izan ere, Sareko kideen iritziz, "ez du inolako justifikaziorik salbuespenezko politika juridikoak bere horretan jarraitzea". Gogorarazi dutenez, "Eusko Jaurlaritzak onartu dituen presoen gradu progresioen %75i helegitea jarri dio Fiskaltzak, eta asko dira espetxera eta bigarren gradura itzuli behar izan dutenak. Beste delitu-mota bateko presoen kasuan Fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoak ez baitira % 25era iristen".

Saretik azaldu dutenez, "Espainiako Auzitegi Nazionalean emandako erabaki judizialak, sarritan, espetxe eremuan aplikatzekoak diren irizpide juridikoetatik urrun ebazten dira, eta horiek eragin suntsitzailea du presoarekiko. Erabat ezberdina zen testuinguru batean sortutako jurisdikzio bereziaz jokatzen jarraitzen da". Sareko kideek nabarmendu dutenez, ez daude "pribilegioak eskatzen" ari, "legezkotasuna eskatzen dugu, beste edozein presori aplikatzen zaion legedi eta araudi bera aplikatzea, besterik ez". Besteak beste eskatu du zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak kalera ateratzeko aukera izatea edota Frantzian edo Belgikan betetako espetxe urteak kontuan hartzea.

Manifestua 
Sareko kideek "konpromiso irmoa eskatzen diegu eragile politiko, sindikal eta sozialei, espetxeetan oraindik pairatzen den salbuespenezko egoera horri akabera emateko, eta euskal presoen oinarrizko eskubideak defendatzeko". Konponbiderako giltzak dinamikaren bitartez, Sarek nahi du "euskal gizartea, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, izatea preso horiek beren etxeetara nola itzultzen diren erabakiko duen partaide nagusia". 

Salbuespenei akabera eman eta espetxe politika arrunta aplikatuta, etxera itzultzeko bide hori irekitzen joatearen aldeko sinadurak biltzen ari da. Sinatzaile ezagunen artean dago Pello Reparaz musikari arbizuarra. Bestalde Sareko kideak herrietan eta giltzak.sare.eus web orriaren bidez manifestuaren aldeko sinadurak biltzen segitzen dute. 

Azkenik, Sarek jakinarazi duenez, "konponbidearen mesedetan", Bilboko kaleak giltzez bete nahi dituela ilbeltzaren 13an. Aurretik dinamika herrietara zabaltzeko lanean ari dira Sareko kideak, eta hilaren 29an, asteazkenarekin, herrietan kontzentrazioak eginen direla iragarri du.