Oihana Gallo San Roman

"Zainketei dagokienez, harreman desorekatuak eraiki dira"

Guaixe 2023ko abe. 18a, 09:33

Oihana Gallo San Roman berdintasun teknikaria. UTZITAKOA

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatutako zainketen aldeko itunarekin bat eginen du Sakanak abenduaren 19an, asteartean. Haren berri eman du Sakanako Mankomunitateko berdintasun teknikari Oihana Gallo San Romanek.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zainketen aldeko itunak sustatzen ari da herrialdean. Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Gobernuari ituna sinatzeko eskaera 2022an egin zion. Ibarreko erakundeak egin beharreko prozesuaren ondoren, Sakanako Zaintzen aldeko ituna sinatuko da abenduaren 19an, asteartean.

Zer dira zainketen aldeko ituna? 
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunaren aldeko politika publikoen barruan sustatutako programa bat da. Haren bidez, toki erakundeek zainketen aldeko konpromiso handiagoa hartzea bulkatzen du. 

Zer dira itun horiek? 
Zainketak politika publikoen erdigunean eta gizartea eta erakundeak haien inguruan konprometitzeko proposamenak eta irtenbideak diseinatu eta antolatzeko abiarazten dira. Zainketen aldeko itunak, berez, koordinatuta planifikatzeko eta esku hartzeko tresna bat dira. Zehazki, akordio multzo bat dira. Haien bidez ekintza zehatzak eta neurgarriak garatuko dira, zainketak ikustarazteko, ezagutzeko, partekatzeko eta berrantolatzeko. 

"Ekintza zehatzak eta neurgarriak garatuko dira, zainketak ikustarazteko, ezagutzeko, partekatzeko eta berrantolatzeko"

Zein helburu ditu itunak?
Lau helburu estrategiko ditu. Aurrena, administrazioetan eta administrazioetatik, zainketa sustatzea. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko egiazko berdintasunaren eraikuntzan politika publikoen ardatz nagusi gisa. Hurrena bizitzari eusteko zainketek duten balioa aitortzea. Hirugarrena, Sakanako emakumezkoen pobrezia murriztea. Eta, atzena, ibarreko enpresa eta erakundeetan berdintasunaren aldeko konpromisoa sustatzea.

Zer zaintza mota sustatzen du itunak?
Zainketen aldeko Tokiko Itunaren printzipio gidariak dira: emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun egiazko eta eraginkorra, unibertsalizatze progresiboa, elkarrekikotasuna, zeharkakotasuna, intersekzionalitatea, parte hartzea, duintasuna, sustraiak/partaide izatea, zainketa eskubideekin eta zaintzeko eskubidea, zainketarako eskubidea aitortzea, zainketa etikaren erdigunean eta zainketaren etika, indibidualtasunetik konpromiso komunera eta erantzun gaitasuna. 

Itunak administrazio arloan gelditzen dira? 
Ez. Toki administrazioek sustatzen dituzte, eta bertako toki erakundeetako hainbat entitate eta erakunde publiko eta pribaturen laguntzaz eta horiekin koordinatuta. Horrez aparte, herritarrek ere parte hartzen dute, eta badute zer esana. Jendartearekiko koordinazioa eta elkarrizketa handitzea bilatzen du itunak. Izan ere, hori funtsezkoa baita bizitzaren jasangarritasunaren ikuspegitik, egiazkoa eta eraginkorra den berdintasun lortzeko. 

Zergatik eman zainketei izaera politikoa?
Zainketei dagokienez, harreman desorekatuak eraiki direlako, generoa oinarritzat hartuta. Beraz, harreman desorekatu horien atzean dauden printzipio moral eta ekonomikoak ezkutatu egin izan dira. Lanaren zatikatzeak eta diruzko interakzioak ez datoz bat bizitza defendatzen duten baldintza etikoetan oinarritutako itunarekin. Horrez aparte, jendartea indibidualizatzen dute, giza praktikei eusten dieten harremanen sarea ezagutu gabe. Itunak arazo horiei buruz hobeki hausnartzeko modua eskaintzen du: botere politikoari buruzkoak, giza interkonexioari buruzkoak eta jendarteak denboran eta bizi zikloan antolatzeko duen arazo konplexuari buruzkoak. 

"Prozesua ez da burutuko herritarren eskutik egiten ez bada"

Nola eginen da hori?
Zainketari buruzko politika publikoak eraikitzeko, zainketa eta emakumeendako ekitate politikak ezartzeko gobernu administrazioaren ahalegin instituzionala beharrezkoa den arren, prozesua ez da burutuko herritarren eskutik egiten ez bada; hau da, jendarteko hainbat eragileren arteko, genero eta belaunaldien arteko erantzunkidetasun eta elkarrenganako eta elkarrekiko konpromiso batetik. Horregatik, Sakanako erakunde, elkarte zein eragile guztiei ituna sinatzeko gonbidapena luzatu zaie.

Interesa duenak zer egin behar du?
Interesa duten elkarte edo erakundeek Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuarekin harremanetan jarri behar dute abenduren 18a baino lehen. Horretarako, berdintasuna@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbidera idatzi edo 948 464 867 telefonora zenbakira hots egin daiteke. Ituna 12:30ean sinatuko da Sakanako Mankomunitatearen egoitzan, baina aurretik, zaintzen aldeko itunen oinarriak ezagutzeko trebakuntza saioa izanen da, 10:00etatik 12:00etara. 

Zaintzari buruzko jardunaldiak antolatu zenituzten irailean. 
Hala da, Sakana zaindu gertutik jardunaldiak itun honen baitan kokatzen dira, nahiz eta sinatu aurretik egin. Sakanako emakumezko eta gizonezkoen arteko Berdintasunerako I. Planean dagoen esku hartzeetako bat da Bizitzaren jasangarritasunerako itun sozial berria, eta haren baitan kokatu genituen jardunaldiak. Zaintza lanak aitortzea eta gure ibarreko agendaren erdigunean kokatzea izan zuten helburu. Jardunaldiak arrakastatsuak izan ziren, 70 lagunek parte hartu zuten (59 emakumezko eta 11 gizonezko). Zaintzak dituen hari mutur asko landu ziren. Haien ondoren gaiari nolabaiteko aterkia emango dion Zainketen aldeko Ituna sinatzea da hurrengo pausoa.