Euskararen Legearen urteurrenean eragiten duen "desberdinkeria" salatuko dute

Guaixe 2023ko abe. 15a, 11:12

Kontseilua eta 200 eragile euskara ofiziala izatea eskatzeko agerraldia egin zutenekoa. ARTXIBOA

Gaur 37 urte bete ditu Nafarroako Euskararen Legeak. Euskalgintzaren Kontseiluak legeak ezartzen duen zonifikazioa irudikatu eta Nafarroa osoa euskararendako ofizialtasuna eskatuko du Iruñean eginen duen ekimenaren bidez.

Nafarroako Euskararen Legeak 1986tik herritar nafarrei hizkuntza eskubideak bizilekuaren arabera ukatzen dizkie. "Desberdinkeria" hori salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak mosaiko erraldoia osatuko du Nafarroako Parlamentuaren parean gaur 19:00etan. Ekimen horren bidez Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko du. Aldarrikapen horretan makina bat gizarte eragile eta sindikalen babestu izanen du. 

Euskalgintzaren Kontseiluko Nafarroako ordezkari Amets Arangurenek Euskalerria Irratiari adierazi dionez, "Irurtzunen bizi, Iruñean edo Noainen bizi den nafarrak ez du eskubide berbera. Herritarren desberdinkeria eragiten duen legea da". Nafarroako Euskararen Legearen eraginei dagokienez, Arangurenek esan duenez, "zerbitzu publikoetan euskaraz aritzeko ezintasuna sortzen du, euskaraz haurrek euskaraz ikasteko kilometro andana egin behar dituzte edo euskaraz ikastearen edo herrian geratzearen arteko erabakia hartzera behartzen du". 

Euskara inposizioarekin lotzen dute hainbat alderdi politikok. Arangurenek azaldu duenez, "hizkuntza bakarrarekin gertatzen da hori. Gainerako hizkuntzak aipatzen direlarik aberastasunaz eta aniztasunaz hitz egiten dute". Euskalgintzaren Kontseiluko kidearen iritziz euskararen ofizialtasuna lortu nahi ez dutenek diote inposatu eginen litzaiekeela euskara nafar askori: "etorkizuna eraiki nahi bada egungo egoera zein den kontuan hartu ordez aintzat hartu beharko litzateke zein gizarte eredu sortu nahi dugun", esan du Arangurenek.