Pilota

Binakakoa, gori-gori

Guaixe 2023ko abe. 18a, 10:44

Ezkurdia-Tolosak eta Altuna-Martijak partida bikaina eskaini zuten Bartzelonan. UTZITAKOA

Ezkurdiak eta Tolosak 22 eta 21 irabazi zieten Altunari eta Martijari, Bartzelonan, eta Etxeberriak eta Zabaletak 12 tantotan utzi zituzten Elordi eta Rezusta, Astelenan.

Binakako Pilota Txapelketako laugarren jardunaldia itzela izan da. 

Ezkurdia-Tolosak eta kantxetara itzuli den Altunak eta Martijak partida ikusgarria eskaini zuten Vall d`Hebronen (Bartzelona). Bi bikoak irabazi beharrean zeuden, Ezkurdiak eta Tolosak puntu bakarra zutelako eta Altunak eta Martijak punturik ez zutelako, eta, azkenean, jokoan zegoen puntu garrantzitsua Ezkurdiak eta Tolosak lortu zuten, tanto baten aldearekin, 22 eta 21, Altunaren dejadak txapan jo eta gero. Nolanahi ere, gozatu ederra izan zuten Bartzelonako pilotazaleek, partida lehiatu eta borrokatua izan zelako. Ezkurdiak eta Martijak lehia polita izan zuten aurreko koadroetan; Altunak txisparekin jokatu zuen, eta tanto ederrak lortu zituen Martijarekin batera. 17 eta 11 aurreratu ziren, baina Ezkurdiak bikain erantzun zuen, erremate ikusgarriekin. Bi atzelariak ere ongi aritu ziren, eta partida gogortu egin zen. Hogeira eta hogeitabatera berdindu zuten, baina azken tantoan Altunaren dejadak txapan jo zuen. 

Bestalde, Peio Etxeberria eta Zabaleta ikusgarri aritu ziren atzo, igandea, Eibarko Astelenan, orain arte lider ziren Elordiren eta Rezustaren kontra. Joan zen urtean Elordik Zabaleta izan zuen bidaide Binakakoan, hain zuzen ere egungo txapeldunak dira, baina atzo beraren kontra jokatu behar izan zuen eta ederki sufritu zuen Mallabikoak. Etxeberriak eta Zabaletak geroz eta hobeki jokatzen dute, elkarrekin hobeki elkar ulertzen dute eta biko sendoagoa bilakatzen ari dira. Etxeberria konfiantza berreskuratzen ari da, eta Zabaleta ere bikain dabil. Aurtengo Binakakoan orain arte Rezustari inork gutxik egin ahal izan dio aurre, baina Eibarren Zabaletak goitik behera hartu zuen mendean Rezusta. Aitor Elordik ere ez zuen Rezusta behar bezala laguntzen jakin, eta Etxeberria errematean fin aritu zenez, azkenean 12 eta 22 gailendu ziren bi nafarrak. 

Sailkapena
Binakako lau jardunaldi jokatuta, Jaka eta Mariezkurrena dira lider berriak (4 puntu), orain arteko lau partidak irabazita. P.Etxeberria-Zabaletak eta Elordi-Rezustak hiruna puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk eta Ezkurdia-Tolosak bina puntu, Artola-Imazek eta Laso-Arangurenek puntu bana eta Altuna III.a-Martijak ez dute partida bat irabazi ere, eta, hortaz, ez dute punturik. 

Datorrena
Bosgarren jardunaldian Ezkurdiak eta tolosak Artola eta Imaz izango dituzte aurkari abenduaren 22an, ostirala, Arrasaten. Egun horretan bertan, Atano III.ean, Donostian, Altuna III.ak eta Martijak Laso eta Aranguren dituzte arerio. Abenduaren 23an, larunbata, Bilbon, Elordik eta Rezustak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute, eta egun berean, Iruñeko Labriten, Jakaketa Mariezkurrena II.ak Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra. 

B seriea: Salaberriak eta Arbizuk galdu
Promesen mailan edo Binakako B Seriean laugarren jardunaldia jokatu zen eta Bartzelonako jaialdian jokatu zuten Salaberriak eta Aaron Arbizuk, De la Fuente eta Bikuñaren kontra. Salaberriak eta Arbizuk jipoi gogorra jaso zuten, 6 tantotan utzi baitzituzten De la Fuentek eta Bikuñak. Orain arte garaipen bakarra lortu dutenez, puntu bakarra dute Salaberriak eta Arbizuk. Abenduaren 23an, larunbata, Labriten, Zubizarreta III.a eta Ugartemendia izango dituzte aurkari.