Erregional mailako hamabigarren jardunaldian txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten talde sakandarrek. Batetik, Etxarri Aranatzek 5 eta 2 irabazi zion Rotxapea B taldeari San Donaton jokatutako partida zirraragarrian. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak, Mattin Altzelaik bitan aurreratu zuelako Etxarri baina Rotxapeak berdintzea lortu zuelako, baina partida bukaeran hiru gol sartu zituen Etxarrik, Xabier Angianok sartutako bi eta Mattin Altzelairen hirugarrena, hat tricka. Beraz, urtea ezin hobe bukatu zuten etxarriarrek.
Lagun Arteak, aldiz, jipoi gogorra jaso zuen Mutilbera C liderraren eskutik, Arangurenen. Liderrak ez zuen gupidarik izan eta jokoz kanpo utzi zituen lakuntzarrak, 6-0 irabazita. Eguberrietako atsedenaldia ongi etorriko zaie lakuntzarrei, gertatutakoa ahaztu eta berriro ere hasteko.
Mutilbera C taldeak lider segitzen du (27 puntu) eta Etxarri Aranatz bigarren postura igo da (23 puntu), liderretik 4 puntura. Lagun Artea seigarren da (19 puntu). Oporretatik bueltan, ilbeltzaren 6an Etxarri Aranatzek sailkapenean bederatzigarren den Beti Kozkor B taldea izango du aurkari, Lekunberrin. Bestalde, Lagun Arteak ilbeltzaren 6an sailkapenean hirugarren den Ardoi B taldearen kontra jokatuko du Zizurko El Pinarren.