Azaroaren 25 Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuak Emaize elkarteko Ana Ortiz Ballesterosen Haurrak eta gazteak, pornografiaren aurrean nola esku hartu irakasle, guraso, hezitzaile eta gazteen bidelagunei bideratutako hitzaldia antolatu zuen. Bi saio prestatu zituen, lehenengoa azaroaren 20an izan zen, Arbizun, eta bigarrena abenduaren 15ean Irurtzunen. Aro digitalarekin pornografia eskuragarriagoa bihurtu da, eta bere hedapenak eta kontsumo goiztiarrak zalantzak sortzen ditu erotikaren eta gorputzaren pertzepzioan, maskulinitateari eta feminitateari buruzko gogoetetan eta helduaroko harreman intimoen garapenean duen eraginean. "Horregatik, ezinbestekoa da sexualitatea eta erotika modu integralean landuko dituzten hezkuntza kontrapisuak egotea. Giza sexualitatearen alderdi guztiak sakonago ulertzea".
Ana Martinez de Ocariz Sorolla Emaize sexologia zentroko sexologoa da, eta Internetaren bidez eskuragarriago eta gehiago zabaldu den arren, pornografia ez dela gaur egungo kontua esan du. Duela urte "pila bat" existitzen da, "bi mila urte baino gehiago ere; erromatarrak baino lehenago. Duela zenbait egun Napolin egon nintzen eta oso bitxiak dira Ponpeian agertu ziren irudi erotikoak". Pornografia beti egon da: "Gaztetxo eta gaztetxo ez direnen artean beti egon da interesa material horretan". Internetekin, aldiz, ikusgarritasuna gehiago zabaldu da; "une honetan gertatu den fenomenoa bereiztu behar dugu eta interes hori aintzat hartu behar dugu. Zergatik jotzen dute nerabeek pornografiara?". Fenomeno berria da pornografia "eskuetan" dutela eta, ondorioz ere, batzuetan bila joaten dira eta beste batzuetan "nahi gabe" jasotzen dute. "Kontua da ere eskuetara iristen zaiena eta jasotzen dutena porno mainstream eta kutrea dela, eta hortik jaso ditzaketen ideiak ez dira jaso behar dituztenak. Sexualitatea edo erotika ez da pornografia horretan agertzen". Pornografiaren barruan eredu desberdinak daudela bereiztea garrantzitsua dela esan du sexologoak, "eta nerabeek ikusten dutena ez da egokiena, horregatik zerbait egin behar da, baina debekatzea ez da bidea. Beste alde batetik, ezinezkoa baita".
Baina zer ulertzen da pornografia bezala? "Guk ulertzen dugu edozein material eszitatzeko baliagarria dena. Zer gertatzen da? Orain ez dutela horretarako bakarrik erabiltzen". Gaur egun gazteek pornografiara jotzen dute "jakinmina" dutelako, "ikasteko", baita sozializaziorako ere. "Horregatik bilatzen dute, jakinmina dutelako. Horrek esan nahi du helduok ez garela ongi egiten ari, ez dugu erotikaz informazioa ongi sozializatzen; nola bizi dezakegun erotika. Iturri hurbilena eta errazena hori dute, eta dohainik".
Ikasten
Sexua, sexualitatea, erotika, plazerra eta abarrez hitz egitea tabua da, eta sexu heziketa "oso urria eta kalitate gutxikoa da". Martinez de Ocarizek azaldu duenez, helduek ez dute haurrekin eta gazteekin "dimentsio erotikoaz" hitz egiten: "Beraien desioekin konektatzea, beraien fantasiekin, zer espero duten besteengandik, harreman sexualak izatea, abilezia sozialak, nola planteatu harremanak, nola ikasi zer desiratzen duten, zer gustatzen zaien...". Hortaz, kanpoan ikusten dutena barneratzen joaten badira, "ez dugu lekua uzten gure desioak, barnetik duguna, esploratzeko, hitz egiteko eta lantzeko". Landu beharreko zerbait dela gogoratu du sexologoak. "Beste modu batez, ez pornografiaren bidez; baina ezin zaio ardura guztia pornografiari bota".
Pornografia "deabrutzearen" estrategiaren kontra daude. "Emakundek Azaroaren 25erako kanpaina nahiko indartsua egin zuen eta, laburbilduz, pornografia biolentzia matxistaren arrazoia dela esaten zuen: 'Ez genuke sexu heziketa pornoaren esku utzi behar' zioen lemak; eta gero osooso letra txikian: 'Ez dezagun gure gazteen sexu heziketan bihurtzen'. Agian alderantziz egon beharko zen". Sexu heziketaren garrantzia nabarmendu du Martinez de Ocarizek, "egin behar dugu, gure ardura da, batez ere botere publikoen esku dagoelako". Instituzioen koherentzia falta kritikatu du: "Ez dugu ulertzen nola atera duten hori. Pornografia deabrua bihurtu da, baina ez dute egiten benetan egin behar dena". Esaterako, sexu heziketa ez dute hezkuntza curriculumean txertatzen.
"Gaztetxoak entzun behar ditugu, jakin zergatik jotzen duten pornora"
ANA MARTINEZ DE OCARIZ
"Gaztetxoak entzun behar ditugu, jakin behar dugu haiek esaten dutena, zergatik jotzen duten pornografiara, zergatik konpartitzen duten, zer espero duten ikustea eta ikastea...". Erotika "landu" behar dela azpimarratu du sexologoak. "Azken aldi honetan erotofobia izugarria agertu da, eta plazerraz hitz egin behar dugu. Desioa bezala ulertuta". Pornografiak zer eta nola egin behar duten irakasten dietela esan du, "eredu erotikoak", baina ikusten duten pornografia horretan agertzen diren baloreak, "edo kontrabaloreak hobe esanda", matxismoa, koitozentrismoa, arrazismoa askotan, homofobia eta abar dira: "Pornografia horretan ez da aniztasun sexuala agertzen. Matxista da emakumearen papera oso pasiboa delako. Ez du paper aktiboa, bakarrik gizonari plazerra emateko agertzen da". Gazteekin horiei buruz hitz egin behar dela esan du Martinez de Ocarizek. "Lehen esaten zen haurrak Paristik zetozela sexua tabua zelako. Orain pornografia bihurtu da tabua". Gaia lantzeko "isiltasuna" ez dela bidea gaineratu du.
Datuak
Haurrak eta gazteak eta pornografia "fenomeno sozial masibo" bat bihurtu dira. "Baina, egia esan, horrelako diskurtsoak entzuten ditugunean ez dituzte datuak ematen. Ez dakigu nondik ateratzen duten hori". Pornografia ikusteagatik sexu erasotzaileak bihurtuko direnaren mezua "gehiegizkoa" dela uste du sexologoak: "Pelikula biolentoak edo gerraren ingurukoak ikusten badituzte hiltzaile bihurtzen ditu halabeharrez? Berdina da". Eztabaida edo fenomenoa "olatu ultrakontserbadoretik" sortu dela uste du sexologoak. "Nik uste horrek eragina izan duela. Feminismoan ere oraintxe bi tendentzia bezala daude, eta ez dut esan nahi ultrakontserbadoreak direla, baina erotofobia hori nonbaitetik dator".
Safe the children Gobernuz Kanpoko Erakundeak 2020an Haur eta gazteen eta pornografiaren inguruko lehenengo txostena kaleratu zuen, datu kuantitatiboak emanez: espainiar estatuko 13 eta 17 urte bitarteko 1753 nerabeei pornografiaren inguruan galdetu zieten. Haietatik %62,5k noizbait pornografia ikusi zutela esan zuten eta azken 30 egunetan %68,2 zerbait ikusi zutela esan zuten. Pornografiak eduki biolentoak omen duen galdetuta gazteen %72k baietz erantzun zuten, %13,9k ezetz eta %14k ez zekiela. Bestetik, pornografiara jotzen dutenean haien espektatibak betetzen dituen galdetuta %40,7ak baietz erantzun zuten. Bestetik, %48ak esan zuen sexualitateari buruz ikasteko iturri bezala erabiltzen zutela; eta %30endako iturri bakarra zela.
Aro digitala
Telefono mugikorren erabilera "goiztiarra" eta pornografia lotuta dauden bi fenomenoak direla esan du Martinez de Ocarizek. "8 urterekin telefonoak ematen dizkiete, ia pentsatu gabe, agian ez propioa, baina erabiltzen hasten dira". Askotan kontrol parentala jarrita dutela nahikoa dela pentsatzen dutela esan du sexologoak, "baina ez dira konturatzen beste lekuetatik ager daitezkela horrelako irudiak". Sexu heziketarekin batera heziketa digitala ere ezinbestekoa da: "familiek egin behar duten heziketa. Guk hamairu edizio daramagu sexualitate digitalak programa lantzen". Programa eragileei bideratuta dago, eta online da. "Sare sozialetan nola harremantzen garen, sortu diren lengoaia berriak, sozializaziorako tresna bihurtu da, Interneten sexualitatearekin eta erotikari lotutako kontu pila bat aurki daitezke... Helduok honi buruzko informazioa izan behar dugu, bestela gaizki gabiltza". Sexualitateari lotutako "gauza interesgarri asko" daudela esan du sexologoak, "modu onean erabiltzen ikasi behar dugu helduok ere".
Guraso, familia eta hezitzaileek zer egin behar duten galdetuta: "Isiltasuna hautsi, tabutik atera, eta gazteekin honi buruz hitz egin. Baina hazkuntza jarrera batetik, ez kriminalizatzen, baizik eta aukera moduan. Ez adoktrinatzeko, baizik eta beraien hausnarketa propioak egin ditzaten". Gazteek interesa eta jakinmina dutela eta hori "asetu" behar dela kontuan hartuta, "badaude komiki erotikoak, literatura erotikoa, etxean gorputz biluziekin argazki liburu artistikoak egon daitezke... Nik uste hori oso bide ona dela". Horrelako material erotikoa "hurbil" izatea aukera ona dela esan du sexologoak. "Gogoratzen naiz nire gurasoek ni baino helduago den ahizpari liburu bat oparitu ziotela, Zer gertatzen zaigu nerabeei deitzen zen, eta gurasoek jakin gabe nik ere hartzen nuen. Lotsa dagoelako". Baina "kalitatezko material ona" eskura izatea eta haiekin horri buruz hitz egitea aukera oso ona dela gaineratu du.
"Heziketatik dator guztia. Baina, jakina, ezin diegu esan hau txarra da, horrekin ez dugulako ezer lortzen. Beraiekin hausnarketa egin behar da: zer transmititzen du ikusten duzuen horrek? Nola ikusten duzu zuk? Zer iritzi duzu? Sufritzen ari direla uste duzu?".
Debekatzea
Haur eta gazteak pornografiara eskuragarritasuna ez izateko debekatzea ez dela irtenbidea esan du Martinez de Ocarizek: "Posible da muga batzuk jartzea. Frantzian, esaterako, pasaporte pornografikoa jarri dute. Pornografiako webgunetara sartzeko harpidetu behar zara eta izen abizenak eta NA zenbakia jarri behar dituzu; datu pertsonalak". Adin gabekoak horrelako webgunetara ez sartzeko kontrolak "beharrezkoak" direla esan du sexologoak; "hori bai egin daitekeela". Baina sexu heziketaren garrantzia azpimarratzen du: "Kalitatezko sexu heziketa. Orain gertatzen ari da jendeak sexu heziketaren inguruko ikastaroak baino pornografia lantzea eskatzen digula. Hori akats izugarria da". Pornografia sexu heziketa landu gabe ezin dela landu esan du: "Pornografia sexu heziketaren zati bat da, hor dago eta jorratu behar da, baina hori bakarrik ez da sexu heziketa". Pornografia "erruduna" bihurtu dela esan du, "eta, bai, jorratu egin behar den kontua da. Nola egiten dugun horretandago gakoa. Fenomeno honen aurrean zer egin dezakegu?". Besteak beste, sexu heziketa, heziketa digitala eta gazteekin hitz egitea, "eta dimentsio erotikoa lantzea, ezinbestekoa da ere".