Tokiz kanpo utzitako hondakinak

Guaixe 2023ko abe. 21a, 10:00

Obra hondakinak larrialdi gune batean botata. MANK

Hainbat herritako larrialdi guneetan amiantoa, obra hondakinak eta industria hondakinak era desegokian isuri dituzte

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak jakinarazi duenez, “ibarreko hainbat herritako larrialdi guneetan amiantoa, obra hondakinak eta industria hondakinak era desegokian isuri dira. Gertaera horiek agintari eskudunen aurrean salatu dira”. Hondakin Zerbitzuak gaztigatu duenez, "halako hondakinak horretarako prestatutako tokietatik kanpo botatzea debekatua dago". Eta gogorarazi du Arbizun eta Altsasun hondakinak biltzeko garbiguneak daudela. Bide batez, gogorarazi du tamaina handiko hondakinak (altzariak eta beste) jasotzeko Sakanako Mankomunitatearekin harremanetan jartzeko aukera dagoela. Horretarako, 948 464 867 telefono zenbakira hots egin edo sakana-mank.eus web orriko galdetegia bete behar da. 

Azkenik, Hondakin Zerbitzuak adierazi duenez, "herritarrak kontzientziatu nahi ditugu gure ibarreko ingurumena eta irudia errespetatzeak duen garrantziaz. Horregatik, eskertzen dizugu alderdi horretan laguntzea, gure ingurunea zaintzea guztioi dagokigulako".