Mendia

Goazen mendizaleak, Aralarrera...

Guaixe 2023ko abe. 20a, 11:51

Ehunka mendizale bildu ziren Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako 56. Mendigoizale Egunean

Uharte Arakildik, Lakuntzatik, Madotzetik, Guardetxetik, Atatik... Nafarroako mendi klubek abiapuntu ezberdina aukeratu zuten, baina helmuga berdina zen guztiendako: Aralarko San Migel santutegia. Gabonetako aurreko igandean ospatzen da Mendigoizale Eguna, mendizale guztiak bildu, joandakoak agurtu, lagunartean gustura egoteko eguna, eta urtea despeditzeko eguna, baita ere. 1965 urtetik ospatzen da, eta aurtengoa 56. edizioa izan zen. Eguraldiak lagundu zuen, hotz baina eguzkitsu esnatu baitzen, mendira joateko aproposa. 

1964. urtean hiru mendizale hil ziren, eta euren alde meza elizkizuna antolatu zuen Club Deportivo Navarrak Aralarko santutegian. Jende asko bertaratu omen zen, eta hurrengo urtean oroimenezko eta mendizaleen anaiartekotasun egun gisa jaio zen Mendigoizale Eguna, urte askotan Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazio presidente izandako Juan Mari Feliuk azaldu moduan. 

Egungo presidenteak, Martin Montañesek, Mendigoizale Egunera “urtero jende gehiago” hurbiltzen zela nabarmendu zuen. Hamaiketako mezaren ondoren, auzate ederra eskaini zuen Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak. Aurten Lagunak klubak izan zuen antolatzeko ardura, Aitonak klubaren laguntzaz. Txistorra, urdaia, salda, urdaiazpikoa, txorizoa... guztira 1.000 pintxo dastatu zituzten, eta 70 litro salda. Eta, jakina, musika ez zen falta izan. 

Aurten Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak ia 14.000 lizentzia izan dituela gaineratu zuen Montañesek. Futbol federazioaren atzetik, Nafarroan lizentzia gehien dituen federazioa da.