Boxeoa

Boxeolari sakandarren progresio ederra

Maider Betelu Ganboa 2023ko abe. 22a, 12:00

Irati Altzelai, garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Kanku Gym gimnasioak abenduaren 15ean Burunda pilotalekuan antolatutako boxeo eta kick boxing gaubelan Manex Grados, Xuban Muñoz, Irati Altzelai eta Garat Flores borrokalari sakandarrek maila ederra eskaini zuten

Joxe Vicente Eguskiza ezagunaren Kanku Gym-ek boxeo eta kick boxing gaubela antolatu zuen ostiralean. Burunda frontoiak boxeo ring itxura hartu zuen, eta zale asko bildu zen jaialdiaz gozatzera. “Borrokalari sakandar dezentek parte hartzen genuenez, jendea bilduko zela espero genuen. Zaleek ongi erantzun zuen, eta gu gustura” azaldu du Irati Altzelai Karasatorre boxeolari etxarriarrak.

Boxeo profesionalean, Joseba Diez iruindarrak Londongo Ife Jarrett izan zuen aurkari (68 kg). Bigarren roundean Diezek Jarret K.O. utzi zuen, gibeletik eraso eginez. Ondoren Jarrettek Ruben izan zuen aurkari, baina Jarrettek amore eman, eta ez zuen borrokaldia bukatu.

Boxeo amateurrean zazpi borrokaldi jokatu ziren guztira, eta tartean lau sakandar lehiatu ziren. Manex Grados altsasuarrak Brayan Soto mendean hartu zuen (69 kg), eta Xuban Muñoz altsasuarrak ezin izan zuen Asier Maiza irabazi (70 kg). Irati Altzelai etxarriarrak Sofia Remon garaitu zuen (54 kg), eta Garat Flores etxarriarrak Renzo Regalado (65 kg). Jon Ferrerasek Asier Amatriaini irabazi zion (62 kg), eta Daniel Eitok Alejandro Cisnerosi (71 kg). Kick boxing-ean Ekaitz Berradre, Guille Bonet eta Xeone neurtu ziren.

Irati Altzelairen errebantxa
Irati Altzelaik Sofia Remon “aurretik" ezagutzen zuen. "Etxarriko beilaldian elkarren kontra borrokatu genuen, eta berak irabazi zidan. Altsasun, aldiz, nik irabazi nion. Ez dakit espero nuen ala ez, baina sentsazio onak nituen. Borrokaldia ongi joan zen, eta oso pozik nago egindakoarekin”. Hiru roundak jokatu eta bukatu zituzten, eta puntuak kontuan hartuta gailendu zen etxarriarra. Altzelai Arbizuko Borroka Klubean trebatzen hasi zen, baina aurten Iruñeko Fitboxen entrenatzen du. “Arbizun kick boxinga lantzen da bereziki, eta nik boxeoa gustuko dut. Horregatik aldatu nintzen”. 

Sakanan betidanik egon izan da boxeoarekiko zaletasuna, eta belaunaldi berriak ere batu dira. Egun, talde ederra dago lanean. “Arbizuko Borroka Klubean jende asko ari da trebatzen, eta bestelako gimnasioetan ere. Zaletasunak gora egin du”.