Urteberri egun ona

Guaixe 2023ko abe. 21a, 12:45
Lizarragabengoan 'Ur goiena, ur barrena' abesten. ARTXIBOA

Abenduaren 31 eta ilbeltzaren 1eko gauean, urte berria ospatzeko Ur goiena, ur barrena abestera aterako dira Sakanako zenbait herritan.

Ur goiena, ur barrena ohitura berrituko dute 2024 urtearen hasieran ere zenbait herritan. Abenduaren 31eko gauerdiak eman ondoren kalera aterako dira, besteak beste, Irañetan, Lizarragabengoan, Etxarri Aranatzen eta Urdiainen. Dorraon haurrak zarata egitera aterako dira Eltze berri, Urte zar, Eltze berri, Eltzien urdei koxkor bat... abesten. Iturmendin urte berriaren hasierarekin kintoak eskean aterako dira, eta zenbat herritan ere urtezahar eta urte berriko ospakizunak eginen dituzte.

Urtezahar eta urteberri ohitura eta ospakizunak

Abenduak 31 igandea - Ilbeltza 1 astelehena

Irañeta

00:30 Ur goiena, ur barrena kantatzera aterako dira.

Dorrao

Eguerdian, haurrak kazuelekin herri guztia barna joaten dira Urte berri, Urte zar, Eltze berri, Eltze zar, Eltzien urdei koxkor bat, Plazan ardo goxoa, Gora eltze berri, Gora eltze zar kantatzen, eta kazuel zaharrak biltzen. Bukaeran, eltzeak zintzilikatzen dituzte eta harrika txikitzen saiatzen dira.

Eguerdian kazuelekin zarata atera eta etxez etxe ariko dira.

Garai batean, urte zahar gauean, umeak etxez etxe ibiltzen ziren eta etxe bakoitzean zer edo zer ematen zuten umeendako (pikuak, gaztainak eta abar), eta bukatzean elizaraino joaten ziren eta berta soka batekin jasotako eltze zahar guztiak lotzen zituzten eta zintzik jarrita harriak botatzen zituzten puskatu arte eta kantatzen zuten bitartean.

Lizarragabengoa

00:15 Ur goiena, ur barrena kanta erronda eginen dute, Bordatxo elkartetik.

Etxarri Aranatz

00:30 Sareren Ur goiena, ur barrena, plazan.

02:00 Eliza paretik Ur goiena, ur barrena abestera aterako dira, eta herriari buelta emanen diote kantatzen.

Iturmendi

00:15 - 00:30 Kinto segizioa -kintoak, kinto zaharrak eta gazteak- Ur goiena kanta abestuko dute, eskean aritzen diren bitartean. Esker onez, moskatela eta pastak eskainiko dituzte.

Urdiain

00:00 Ur goiena, ur barrena eginen dute, apaizaren etxean.

Urtarrilak 1 astelehena

Altsasu

19:00 Auzatea, Gure Etxean.