Bertakoari balioa emateko, Sakanako Gida

Guaixe 2024ko urt. 8a, 09:00

Sakanako Gidako aleak buzoietara iritsi dira dagoeneko.

Ibarreko komertzioen eta zerbitzuen gidarik osatu eta eguneratuena da Guaixe fundazioaren 0 km-ko gida.

Hamargarren urtez, Guaixe fundazioak Sakanako Gida argitaratu du, ibarreko 8.500 etxebizitzetan banatu berri da. Ibarrekoa, gertukoa, 0 km-ko gida da argitaratutakoa, bertakoari balioa aitortzen diona. Sakanako denda, taberna, elkarte, enpresa eta zerbitzu publikoen informazioarekin batera, erabiltzaileei zerbitzurik onena eskaintzeko helburuz, informazio praktikoa ere badu: osasun etxe, udal edo bestelako erakundeen telefonoak, egutegiak eta hainbat herritako mapak. 

Paperezko liburuxka horretaz aparte, guaixe.eus/gida/ webgunean kontsultatu daiteke. Azken horren bidez hiru kliketan beharrezko establezimendu edo zerbitzu horren helbidea, telefonoa, posta elektronikoa edo web orria jakiteko eta zuzenean harremanetan jartzeko aukera ematen dio erabiltzaileari. Gainera, erabilera errazteko, gremio edo herriaren araberako bilaketak egiteko aukera ere dago. Gida digitala tokiko merkataritzaren eta zerbitzuen Sakanarako eta mundurako erakusleihoa da.

Tokiko establezimenduak kaleak bizi mantendu eta lanpostuak sortzeaz arduratzen dira. Guaixe fundazioak bere ekarpena egiten du horretan, BeleixeGuaixe txartelarekin. Fundazioaren babesle diren 1.400 sakandarrei ibarreko 90 bat establezimendutan abantailak eskaintzen dizkie.

Harremanetarako
Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo orain Interneteko bertsioan sartzeko: 661 523 245 edo 948 564 275 telefonoetara hots egin edo publi@guaixe.eus e-posta helbidera idatzi (Eneida).