Bizikleta ibilbideari bulkada emanen diote

Guaixe 2024ko urt. 10a, 09:00

Txirrindulariak Sakanako Bizikleta Egunean parte hartzen. ARTXIBOA

Horretarako, Sakanako Mankomunitateak 1.960.000 euroko inbertsioa eginen du. Erakundearen 2024ko aurrekontuaren %24,55 lan horretara bideratuko da; dirulaguntzen bidez finantzatuko ditu lanok

Sakanako Mankomunitateko batzarrak 7.983.653 euroko aurrekontua onartu zuen abenduaren 14an egindako bilkuran. Ibarreko erakundearen aurrekontua onartzearen aldeko 14 boto (EH Bildu eta independenteak) eta kontrako lau boto izan ziren (Geroa Bai). Mank-en inbertsio nagusia Sakanako bizikleta ibilbidea da, Irurtzun eta Ziordia artekoa, baina bide luzeago baten zati dena, Arabako Lautadan barna Gasteizeraino iritsiko baita. Horretarako, 1.960.000 euroko inbertsioa eginen du Mank-ek. Eta bi diru iturri lotuta ditu: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak emandako zuzeneko dirulaguntza batetik, eta, bestetik, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Next Generation EU funtsekoa, Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Planen barruan.

Aitor Larraza Carrera presidenteak azaldu duenez, "lanak egin ahal izateko tramitazioa 2024 urteko lehen erdia, edo gehiago, hartuko du. Desjabetzeak daude, eta lanen zuzendaritza eta lanak berak eman behar dira. Asmoa da obra 2024ko akaberarako hastea. Lanek urte erdia iraunen lukete". Berez, 2026rako lanak despedituta egon beharko luketela azaldu du. Larrazak gaineratu duenez, "Arabako Foru Aldundiko eta Arabako Lautadako ordezkariekin dagoeneko adostu dugu bizikleta ibilbideak batean eta bestean seinaleztapen forma eta itxura bera izanen duela, jarraipena izan dezan. Bestetik, marka propioa lantzea aztertzen ari gara". 

Inbertsio gehiago
Ur Zerbitzuaren inbertsioei dagokionez, Urdalurko ur tratamendu plantan argindarra sortzeko turbina bat jartzea aurreikusi du Mank-ek. Azpiegitura hornitzera bideratuko da elektrizitzatea. 182.000 euro eskatuko du lan horrek. Horrekin batera, ur biltegi batzuetan instalazio fotovoltaikoak jartzea aurreikusi du ibarreko erakundeak, haien argindar kontsumoa asetzeko eta langileek neguan joaten direnean argia izan dezaten. Geografia informazioaren kudeaketa errazteko QGISl programa ezarriko da. Bestetik, Urdalurtik Irurtzunera ura eramateko sarearen azken zatiaren (Etxarren-Irurtzun) proiektuaren eraginak izapidetzea ekarriko duen gasturako 50.000 euro daude. "Heldu den urtean administrazio tramiteak eginen ditugu, eta lanak 2025ean", zehaztu du Larrazak. Eta jakinarazi duenez, "Arakilek eta Irurtzunek Iribasko iturburuko ur kontzesioa mantendu nahi dute. Horrela, batetik edo bestetik, ura bermatuta izanen dute. Klima aldaketa testuinguru honetan ziurtatuta izan nahi dute ura". Azkenik, zerbitzurako ibilgailu berri bat erosiko du.


Urdalurko ur tratamendu plantara uharkatik ura eramaten duen hodian jarriko da turbina.

Mank-ek Irurtzunen Akaborro industrialdearen eta herriaren arteko berdegunean garbigunea eraikiko du 380.000 eurorekin. Irurtzungo garbigune horrek "Arbizu eta Altsasukoarekin batera, Sakanako gune garbien sarea osatuko luke, herritarrei bilketa zerbitzu integrala eskainiz. Ez dezagun ahaztu herriz herri garbigune mugikor bat dugula eta Emauseko Trapuketariekin ere hitzarmena sinatu dela etxeetan bilketa egiteko", azaldu du Larrazak. Bestetik, 240.000 eurorekin Hondakin Zerbitzurako kamioi berria eta edukiontziak erosiko ditu Mank-ek. Larrazak jakinarazi duenez, "aurten 10 urte bete dira hondakin bilketa sistema berria indarrean jarri zela. Ordutik hainbat zerbitzu indarrean jarri dira. Iruditzen zaigu une ona dela hartutako erabakiaren inguruan hausnartzeko, helburuak bete diren aztertzeko eta sistema hobetzeko neurriak pentsatzeko. Hondakin bilketa zerbitzuaren egungo egoerari buruzko azterketa bat egin nahi dugu. Horretan toki entitateak eta sakandarrak partaide egin nahi ditugu, nahi dituzten ekarpenak egin ditzaten". Horretara 7.000 euro bideratuko ditu Mank-ek. 


Irurtzunen garbi gunea eraikiko den tokia.

Larrazak gaineratu duenez, "Sakanako Garapen Agentziaren aurrekontua %9 igoko da 2024an. 375.726 euro izanen ditu". Bestalde, "istripuak murrizteko asmoz festa egunetan martxan jartzen den Jaibus programaren aurrekontua handitu egin da, gaueko autobusak gehiagotan ibiliko baitira 2024an". Gainontzeko zerbitzuetan ez da aldaketa nabarmenik. Salbuespena Kirol Zerbitzua da, bere baitan kirol orientazio zerbitzua hartuko duena. 

Diru sarrerak eta gastuak 
Mank-en aurrekontuan bere langileendako gobernuak iragarritako soldata igoeraren aurreikuspena jaso du: %2ko igoera finkoa gehi %0,5 aldakorra. Administrazioko langileen egonkortze prozesu bereziaren ondoriozko langileendako kalte ordainen gastua ere jaso da aurrekontuan. Finantza gastuari dagokionez, Sakanako Mankomunitatearen gastua handitu egin da 2024rako. Interes tasen igoerak ekarri du gastuaren handitzea. Bestalde, ibarreko erakundeak ez du aurreikusia heldu den urtean mailegurik eskatzea.

Bestetik, uraren tasan ez da igoerarik izanen. Hondakinen bilketarena, berriz, 6,5 igoko da; etxeko eta urteko 6,72 euroko igoera. Larrazak gogorarazi duenez, "bai atez ateko sistema erabiltzen dutenek bai 5. edukiontzi erabiltzen dutenek, organikoa bereizteagatik, hobariak dituzte".