Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak osatzen dute Euroeskualdeak. Elkarlanean hainbat egitasmo garatzen dituzte, tartean Euroeskualdeko Berrikuntza proiektu deialdia. Haren bidez hiru eskualdeetako erakunde eta enpresen arteko lankidetzan oinarritutako proiektu berritzaileak sustatu eta babestu nahi dituzte, beti ere sektore estrategikoak kontuan izanda. Azken deialdira 23 proiektu aurkeztu ziren, eta 401.165 euroak zazpi proiekturen artean banatzea erabaki du Euroeskualdeak.
Aukeratutako proiektuen artean Enerkide proiektua dago, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) gidatzen duena. Mugaz gaindiko energia komunitateak bulkatzea du xede, komunitate horiek aurre egin behar dieten oztopo nagusiak aintzat hartuko dituen metodologia eta tresna kaxetatik abiatuta. SGAk proiektu hori beste hiru erakunderekin eginen du: Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako (Bizkaia) campusa, Bidarteko (Lapurdi) Estia ingeniari eskola eta Donazaharreko (Nafarroa Beherea) I-Ener erakundearekin. Enerkide proiektuak 149.790,50 euroko aurrekontua du eta hura garatzeko SGAk 72.806 euroko dirulaguntza eman dio. Proiektua garatzeko 18 hilabete izanen dituzte, 2024ko ilbeltzetik 2025eko garagartzarora.
Deialdiaz
Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak Euroeskualdeak antolatutako ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu deialdiak lurraldearen garapen lehiakorra eta erresilientea bultzatzea du helburu, iraultza digitalaren testuinguruan, iraunkortasunerako espezializazio adimendunaren, ezagutza eta berrikuntza sorreraren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustuaren bitartez.
Proiektu deialdia 2015ean sortu zen, eta Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako erakunde eta enpresen arteko proiektu egituratzaileak garatzea ahalbidetu du. Hasieraz geroztik, proiektu-deialdiak 51 proiektu diruz lagundu ditu, guztira 2,9 milioi euroren bidez.
Proiektu deialdiak aintzat hartzen dituen sektore estrategikoak honakoak dira: fabrikazio aurreratua, aeronautika eta mugikortasun elektrikoa; biozientziak, osasuna eta silver ekonomia; nekazaritzako elikagaien industria eta elikadura osasungarria; energia berriztagarriak; habitat jasangarria, basoa eta zura eta sormen eta kultur industriak, ikus-entzunezko industriarekin batera.