“Pausoak bide egokitik ematen ari garela aitortu dute”

Guaixe 2024ko urt. 11a, 13:00

Begoña Zestau Baraibar eta Aitor Larraza Carrera, Nafarroa Koloretan saria eskutan dutela.

Sakanako Mankomunitateko lehendakari Aitor Larraza Carrerak eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrek gobernuaren Nafarroa Koloretan saria jaso zuten abenduaren 18an.

Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak sustatzen du Nafarroa Koloretan saria, aurten hirugarren edizioa izan duena. Sari nagusia Monica Yuk jaso zuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko Konfuzio Gelako arduradunak eta interprete profesionalak. Toki erakundeei dagokien saria Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuarendako izan zen. Jasotako oroigarria non jarriko duten zehazteke dute oraindik. 

Zer moduz asteleheneko sari banaketan? 
Aitor. Ongi, urduritasun puntu batekin. Azkenean, Sakanako Mankomunitateak bere garaian hartu zuen erabakiaren aitortza da. Gizartearekin eta kulturartekotasunarekin konprometitu zen. Horren aitortza pozgarria zaigu. 

"Sakanako Mankomunitatea gizartearekin eta kulturartekotasunarekin konprometitu zen. Horren aitortza pozgarria zaigu"

Gutxitan izaten dira sariak erakundeendako. 
Begoña. Bai, eta zeinen ongi. 16 bat urteren buruan jaso dugu saria. Nafarroan aitzindaria izan da mankomunitatea kulturartekotasuna bulkatu nahi duen zerbitzuarekin.

Zer eman dizue halako sari batek? 
B. Poza, alde batetik, noski. Nolabaiteko aitorpen bat da: kulturen arteko elkarbizitzaren aldeko pausoak bide egokitik edo zuzenetik ematen ari garela. Aldi berean, erantzukizun txiki bat ere bada, bide horretatik segitu beharko dugu, bai edo bai. Jaso edo ez, horrela eginen genuke, asmo hori genuen.  

Koloretako politikak egiteagatik saritu dute zerbitzua. Zer dira?
A. Sakanak daukan aniztasun hori barneratzeko garaian egon daitezkeen dinamika horiei eman diote aitortza. 
B. Aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuan Migrazio Politikarako Departamentua sortu zen.  Hortik dator Nafarroa Koloretan marka. Horrekin bilatzen dena da kulturen arteko elkarbizitzan pauso baikorrak ematea, horren alde aritzea. Aitorrek ongi esan duen bezala, kolore horien baitan lantzen da Sakanan dagoen kultura aniztasuna edo bizitza bera bizitzeko modu anitza; aniztasun hori, ez? Inork ez du esan hori erraza denik. Mankomunitatearen helburua hasieratik izan da aniztasun hori kudeatzea, noski. Baina helmuga, utopia, edo ideala beti izan da kulturartekotasuna. Horrek bulkatzen gaitu egunero pauso horiek ematera; Sakanan bizi direnen arteko elkarbizitza ahalik eta baikorrena izatea lortu nahi delako. Horregatik izena: Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua. Anitzartean esatea errazagoa da, baina abizen horrek bere esanahia du. 

Utopia hori nola gauzatzen da? 
B. Migrazioarekin ikustekoa daukan guztiari, ahal baldin bada, erantzuna ematen. Ezin bada, jasotzen den galdera eta eskaera hori egoki bideratu. Bestetik, prestakuntza ikastaroak antolatu. Jatorri anitzeko pertsonen arteko hurbilpena erraztuko duen proposamenei bultzada eman. Sentsibilizazio kanpainak: kulturaren aniztasunaren, kulturartekotasunaren edo giza eskubideen defentsaren inguruan, zurrumurruen kontrako sentsibilizazio kanpainak... Herritarrek egiten dituzten proposamenetatik abiatuta antolatzen dira ekimen gehienak. Hori da zerbitzuaren beste funtzioa: herritarrei hitza eman, haien proposamenak jaso eta, ahal den neurrian, jatorri eta generoko talde mistoak sortu eta planteatutako ekimen horiek aurrera eraman. 

A. Zerbitzua sektore artekoa da. Hizkuntza irizpideengatik lanketa bereziak egiten dira Euskara Batzordearekin, baita Berdintasun Zerbitzuarekin. Zeharkakotasun horretan ikusten da eremu asko hartzen dituela. 

Inguruan bada Anitzartean moduko zerbitzurik? 
B. Nafarroan Burlatako Udalak du Migrazio eta Aniztasun Zerbitzua. 2006ko hasiera hartan, dirulaguntzak zeudenean, orduan, bai, bazeuden. Barañain eta Erribera aldeko udal batzuek izan zuten dirulaguntzak iraun zuten bitartean. Haiek bukatzean, desagertu ziren. Mankomunitate bezala Sakana bakarrik gelditu zen, eta Burlatako Udala. 

"Kulturen arteko elkarbizitzaren aldeko pausoak bide egokitik ematen ari garela aitortu dute"

Burlatarekin, gobernuarekin, erlazioa duzue? 
B. Bai. Gu bezala Burlatako Udala Zurrumurruen kontrako plataforman dago. Eta Nafarroako Gobernuarekin ere, jakina. Sakanako Harrera Mahaiaren bileretara beti izan da gonbidatua  Migrazio Politikarako Departamentua. Haren baitan bi zerbitzu daude. Bata Ayllu, elkarbizitza, kulturartekotasuna eta arrazakeria eta xenofobiaren kontrakoa. Eta, bestea, errefuxiatuei ongi etorria emateko, Karibu zerbitzua. Urtero behin bildu izan da Sakanako Harrera Mahai hori eta Nafarroako Gobernua etorri izan da bileretara. Bestetik, azken lau urteetan Anitzarteanek dirulaguntza jaso du, bide horretan ekimen gehiago egin ahal izateko. 

Kulturartekotasun zerbitzuaren zeregina nola zehazten duzue?
A. Begoñak programak aurkezten ditu, Nafarroako Gobernuak ere. Horien jarraipena egiten dugu. Eta jasotako babes eskariak eta eragile bakoitzaren inguruan dauden proposamenak gauzatzen saiatu; aurrekontuetan txertatzen saiatzen dira. Egiten diren lan dinamikak ere adibide ona dira; azkenean, herritarrengandik eta eragileetatik heldu dira, propositiboak izan haiek dinamikak zabaltzeko garaian. 

Mankomunitatean Anitzarteanek badu bere batzordea?
B. Bai, 2016an sortu zen. Urtero hurrengo urterako programazioa eta aurrekontuak-eta, lehendabizi, batzordetik pasatzen dira. Han onartuta, batzar orokorretik pasatzen dira. 

Irurtzungo alkate zinela kultura arteko elkarbizitzaren inguruko diagnostikoa eta bizikidetza plana egin zenituzten. Sakanarako horrelakorik aurreikusten da?
A. Ez dago mahai gainean, baina eremu zabal batean ikuspuntu hori hartzea, izan daiteke. Ikusten da herritar migranteak errealitate bat direla, eskualdean zabalkundea dago, Nafarroa osoan bezala. Elkar ezagututa lortzen dugu ez egotea horrelako mesfidantzarik eta elkarbizitza hori hobetzea.  Posiblea izanen litzateke horrelako diagnostiko zabal bat egitea. Mahai gainean egon daiteke, baina hori batzordeak berak erabaki beharko luke. 

Bestela, behar bada, Irurtzungo plan horretatik Sakanarako zerbait ekar daiteke? 
A. Hori ziur. Irurtzungo errealitatea Altsasukoarekin edo beste herriren baten antzekoagoa izan daiteke. Baina, hala ere, han eman daitezkeen dinamikak gainontzekoetan ere lasai aski eraman daitezke.

"Helburua hasieratik izan da aniztasun hori kudeatzea, noski. Baina helmuga, utopia, edo ideala beti izan da kulturartekotasuna"

Irurtzungo diagnosi eta plan horretako zer irakaspen ekarriko zenituzke gustura asko Sakanara?
B. Horrek ekarri zuen herriko eragile, zerbitzu, norbanako, talde...  Oso parte hartze zabala izan zuen. Oso parte hartzailea izango zen, propositiboa. Hainbeste proposamen egin eta jaso ziren, ezin genuela ekimen bakarrarekin erantzuna eman. Hori hala, lehendabiziko aldiz kultur arteko ziklo bat antolatu genuen, nolabait hainbeste proposamenei erantzuna emateko. Halakorik ekar liteke ibarreko beste herri batzuetara. Baina, gure lan egiteko moduari jarraituz, hori norbaitek proposatu beharko du. 

Lakuntzan ere horrelako diagnosi bat egin zen. Horrelako azterketek zertan laguntzen dute?
B. Hasteko, herritarren arteko hurbilpen fisikoa, eta pixka bat elkar ezagutzekoa. Gakoa da egiten diren proposamenei erantzuna ematen zaien edo ez. Eta, ahal den neurrian behintzat, egokiena litzateke erantzunak denboran hurbilak izatea. Gizarte mugimenduez ari gara, eta oso errealitate aldakorrak dira; malgutasun handia exijitzen duen lana da, eta diagnosian ere bai. 

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan kultura arteko elkarbizitzaren inguruko diagnosia egin zen. Ikas komunitate guztiak parte hartu zuen. Eta hortik atera ziren proposamenei Anitzarteanetik nahi baino modu mantsoagoan eman zaie erantzuna. Baina entitate bakoitzak dauka bere errealitatea eta frente askori erantzuna eman beharra. 

Horrelakoetan ere Hezkuntza edo Osasun Departamentuarekin, edo dena delako eremuan gobernuarekin harremanetan egotea tokatuko zaizue, ezta?
A. Bai. Azkenean, Nafarroako errealitatea ezagutzen dute. Eta egoeraren arabera, nahi eta ez, arlo ekonomikoa ere badator bat. Horregatik hainbat erakunderen arteko lanketa hori egin behar duzu, bai. Plangintza bat osatzea eta zure buruari betebehar batzuk jartzea garrantzitsua da. Eta beste esparru batzuetan bere iritzia emateko zailtasun handiak dituen pertsonari aukera ematea. Askotan bakoitzak ez ditu eremurik bere iritzia emateko, bere inguruko errealitatea nola ikusten duen esateko. Irurtzunen emandako aukera hori oso garrantzitsua izan zen. Bakoitzak atera zuelako: nola sentitzen zen, nola sentitzen zuen bere burua herriaren baitan, zer gustatuko litzaiokeen eta nola ikusten duen elkarbizitza bere ikuspuntutik. Herritarrei aukera hori ematea oso garrantzitsua iruditzen zait. Eta entitate publiko horrek konpromisoa hartu beharko luke mailakatu dituen ekintza horiek ahalik eta azkarren egiteko. Irurtzungo kasuan, esaterako, hirugarren urtea izanen da partida baten barruan ekintza batzuk eginen direna. 

"Herritarrek egiten dituzten proposamenetatik abiatuta antolatzen dira ekimen gehienak"

16 urteko bidearen ondoren, badago kultura arteko bizikidetzarik?
B. Baiezko sendo bat esaten ez naiz ausartuko. Sakanako herri bakoitzak dauka bere errealitatea, gai hauekin ere bai. Eta elkarbizitza bere osotasunean ez baldin bada, kultur arteko elkarbizitzara hurbiltzen den bizikidetza bat badago hainbat herritan; beste batzuetan ez da tamaina horretako lanketarik egin. 

Sakanak zein indargune ditu? 
B. Batetik, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua dugula. Bestea bitartekaritza zerbitzua, heldu den urtean, atzera ere, martxan hasiko dena. Boluntariotzan gorakada izan da, modu puntualean bada ere. Urtero gero eta gehiago dira. Gauza bat argi dago, boluntariorik ez balego ezingo litzateke zerbitzuko jarduna aurrera eraman. Elkartasuna gero eta gehiago lantzen ari gara, aldarrikapenak ere bai. Alde batetik premia edo ahulgune bat da, baina, beste alde batetik, elkartze hori, giza eskubideen errespetuaren marko horretan aritzeak, horrek berak egiten du indargune bat. Azken urteetan Sakanako Mankomunitateko Euskara, Berdintasuna, Kirola eta Anitzartean zerbitzuak gero eta ekimen gehiago egiten ari gara elkarrekin. Euskara Zerbitzuarekin ere gero eta ekimen gehiago egiten ari gara. Premia handia da Sakanara bizitzera etortzen den edonori euskararen izatea jakinaraztea eta, gutxienez, haiengana gurea hurbiltzea. Eta sortu ditugun harrera mahaiak. Udalek etorri berriei egiten dieten erakunde harrerak beste indargune bat dira. Eta gauza bera egiten da ikastetxeetan. Gainera, ongi etorri horiek Nafarroako Gobernuak praktika on gisa hartu ditu. Beste indargune bat koordinazioa da. Anitzarteanek Sakanan zerbitzu, erakunde eta pertsonekin duena, baina baita Sakanatik kanpo duena ere: Nafarroako Gobernuaren hainbat departamentu, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Zaska... Eskerrak eman nahi dizkiet hainbat zerbitzu eta ekimenei. Hau dena posible egin dute Sakanan bizi izan direnak, bizi direnak, eta etorriko direnei ere ongietorria noski. Denei, eskerrik asko. 

"Gizarte mugimenduez ari gara, eta oso errealitate aldakorrak dira; malgutasun handia exijitzen duen lana da, eta diagnosian ere bai"

Ahulguneak badaude? 
B. Bai. Migrazio prozesuak berak. Bai Sakanan dagoena, herri batetik bestera, Sakanatik kanpora eta kanpotik Sakanara. Mugikortasun horrek denbora luzean jende berarekin harremana sendotzea zaildu egiten du kasu batzuetan. Aldi berean, gaurko gizartean ematen ari den arrakala digitala eta soziala egunerokoa eta elkarbizitza baikorra lortzeko helburua zailtzen ari da. Horiek dira larrienak. 

Migrazio ziklo horiek bitartekari zerbitzuari ere eragin diote, ezta? 
B. Asko, bai. 2010ean hasi ginen. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin dugun koordinazio horretan, eta dirulaguntza batzuk medio, hizkuntza eta kultur bitartekari izateko pertsona bat kontratatzen genuen, urtean sei hilabetez bazen ere. Kontua da urtero pertsona desberdina zela, horrek urtero zerotik hastea suposatzen zuen. Dirulaguntzak bukatu ziren eta zerbitzu hori gabe gelditu ginen. Mankomunitateak pertsona bat kontratatzeko apustua egin zuen 2016an. Lan arrazoiak direla eta, gurekin zegoen pertsona bizitza hobetzera joan zen, eta berriz gabe gelditu ginen. Heldu den urtean, atzera ere, zerbitzu horrekin hasiko gara. Espero dut luzaro gelditzea. 

A. Sakanako Mankomunitatearen plantillan txertatu da lanpostu hori. 2012an hartutako erabakia jarraituta aurten erabakia da egonkortze hori ematea. Gero beste kontu bat da lan kontuen harira egotea edo ez, baina konpromisoa hori da. 

"Premia handia da Sakanara bizitzera etortzen den edonori euskararen izatea jakinaraztea eta, gutxienez, haiengana gure hurbiltzea"


Kulturartekotasuna, ogia bezala, egunero? 
A. Egunero zaindu beharreko zerbait, bai. 

B. Jakina. Zerbitzutik hizkerari indar handia ematen diogu, hitz egiteko moduari, hitzei eta esaten denari; zer esaten den eta nola esaten den. Badago esaera bat esaten duena hitzak haizeak eramaten dituela. Ez da horrela. Hitzak sendatu edo erail dezake. Zerbitzutik sendatzearen alde gaude. Ez da zurrumurruengatik bakarrik. Badakit zaila edo luzea dela Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua esatea. Baina hor mezu bat dago, egiten den guztian beti dago mezu bat. Eta mezu horrek izan nahi du ahalik eta baikorrena, errespetuzkoa, zerbitzutik bueltatzen diren baloreak bilduko dituena, hau da: aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza. Eta hori dena euskaratik, Sakanara bizitzea datozenei afektibotasun, hurbiltasun, sentimendu polit bat sortu nahi horretan. Eta horretan ere Sakanako komunikabideek zer egina duzue, eta espero dugu horrelaxe jarraitzea. Zuen egitekoa gakoa da, eta oso eskertuta gaude.

 

Zerbitzuaren mugarri batzuk

  • 2006 Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak etorkinendako prestatutako harrera planak aurrera eramaten hasi ziren.
  • 2008 Euskara Zerbitzuak ikerketa egin zuen jakiteko Sakanan bizi ziren etorkinek zer behar, premia edo planteamendu egiten zituzten.
  • 2012 Nafarroako Gobernuak aurretik emandako dirulaguntzak kendu zituen.
    • Sakanako Mankomunitateak zerbitzua bere osotasunean bere gain hartzeko apustua egin zuen.
    • Mank-en Migrazioak eta Aniztasuna Batzordea sortu zen.
  • 2016 Izen aldaketa: Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua. Batzordea ere sortu zen.
    • Mank-ek hizkuntza eta kultura bitartekaria kontratatu zuen gobernuaren dirulaguntzarekin. Hasieran urte erdirako kontratuak ziren.
    • Zurrumurruen Kontrako Nafarroako Sarea sortu zen, eta zerbitzua talde eragilean dago.
  • 2020 Sakana Harrera Mahaia sortu zen, hainbat eragileren parte hartzearekin.
  • 2023 Nafarroa Koloretan saria.