Pilota

Altuna eta Martijaren itzulera

Guaixe 2024ko urt. 8a, 10:00
Altunak eta Martijak lau garaipen lortu dituzte jarraian eta sailkapenean laugarren jarri dira. ASPE

Binakako hasiera kaxkarrari buelta eman, eta lau garaipen jarraian lortuta goiko postuen borrokan sartu dira. Etxeberria eta Zabaleta sailkapenean bigarrenak dira. Ezkurdiak eta Tolosak sailkapena ixten dute, eta larrialdian daude

Binakako Pilota Txapelketak bizi-bizi jarraitzen du. Zortzi jardunaldi jokatuta, Jakak eta Mariezkurrenak eusten diote lidergoari, zazpi garaipenekin. Haien atzetik daude Peio Etxeberria eta Zabaleta, sei punturekin. Ilbeltzaren 5ean Tolosan jokatutako partidan garaipen erraza lortu zuten Joseba Ezkurdiari eta Tolosari 22 eta 15 irabazita. Etxeberriak eta Zabaletak hasieratik kontrolatu eta dominatu zuten partida. Zabaletak izugarri jo zuen. Hala ere, Tolosak ongi defendatu eta partida ona egin zuen, baina Joseba Ezkurdia ez dago bere unerik eta jokorik onenean eta ezin izan zion garaipenagatik borrokatzeko behar bezala lagundu. Peio Etxeberriak min handia egin zuen aurreko koadroetan. Ezkurdia eta Tolosa, bi garaipenekin, sailkapeneko azken tokian daude eta dagoeneko egoerari buelta eman beharrean daude, aurrera egiteko aukerak izan nahi badituzte. 

Behetik gora egin dutenak, modu ikusgarrian, Altuna eta Martija izan dira. Txapelketa hasiera kaxkarra izan zuten, baina Altuna lesiotik osatu eta kantxara itzuli denetik lau garaipen lortu dituzte segidan. Bikoak sekulako magia duela agerikoa da; ilbeltzaren 6an Elordiren eta Rezustaren kontra Eibarren jokatutako partida ikusgarrian 18 eta 22 gailendu ziren. Lau pilotariek ikuskizun bikaina eskaini zuten; erritmo altuko partidan, asko jokatu zuten, Astelenako zaleak asebetez. Boladaka joan zen partida, eta edonork irabazi zezakeen. Martijak eta Rezustak sekulako indar erakustaldia egin zuten atzean, eta Martijaren segurtasuna nabarmentzekoa izan zen. Koadro alaietan ere borroka estua izan zuten Altunak eta Elordik. Baina azken txanpan, pilota aldatzearekin batera, 7 tanto jarraian eginda 18 eta 22 gailendu ziren Altuna eta Martija. Sailkapenean lau garaipenekin laugarren dira, Elordi-Rezustarekin eta Artola-Imazekin puntutara berdinduta. 2022ko txapeldunak bueltan dira. 

Hurrena
Binakako Txapelketako bederatzigarren jardunaldiak emango du ere zer esan. Ilbeltzaren 12an, ostirala, Ezkurdiak eta Tolosak Elordi eta Rezusta izango dituzte aurkari. Gasteizko Ogetak ilbeltzaren 14an, igandea, jaialdi ikaragarria hartuko du: Altuna III.ak eta Martijak Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute, bi atzelari arakildarren arteko borroka handian. Ilbeltzaren 13an, larunbatean jokatuko dira beste bi jardunaldiak. Artola-Imazen eta Laso-Arangurenen arteko partida hartuko du Labritek, eta Jaka-Mariezkurrena II.aren eta Peña II.a-Albisuren artekoa Markina-Xemeinek.