Ziklo-krosa

Gorka Izagirrek maillot berria ezin hobe mustu du

Guaixe 2024ko urt. 8a, 10:30
Gorka Izagirreri helmugaratzean ez zitzaion maillot berria ikusi ere egiten. ORMAIZTEGI KIROL ELKARTEA

Cofidisekin jokatutako lehen lasterketan, Ormaiztegiko 52. Ziklo-kros proban, garaipen handia lortu zuen Izagirrek

Ziordian bizi den Gorka Izagirre ormaiztegiarrak ezin hobe mustu ditu Cofidiseko maillot eta bizikleta berriak, ilbeltzaren 7an jokatutako etxeko proban, Ormaiztegiko 52. Ziklo-kros ezaguna, merezimendu osoz irabazi baitzuen (59:56). Izagirrek lohi artean borroka latza izan zuen Cofidiseko bere taldekide Jonathan Lastra eta Ion Izagirre txirrindulariekin eta baita Aitor Hernandezekin ere (Ermuko T.E.), baina azkenean 11 segundo atera zizkion Lastrari eta 41 segundo bere anaiari. Hernandez seigarren sailkatu zen (1:04:55). Hotza, euria eta lohia izan ziren protagonistak, berez gogorra den proba are gogorrago bilatu zutena. Txirrindulariak jota eta goitik behera lokaztuta iritsi ziren helmugara, ez zitzaien ezagutu ere egiten, baina egindako lanarekin kontentu. Txirrindulariek ikuskizun handia eskaini zuten Ormaiztegiko lokatzezko infernuan, Gorka Izagirrek bereziki. Jaioterrian, herritarrekin ospatu zuen garaipena. 

Gorka eta Jon Izagirrek Jose Ramon bere aitaren irakaspenak ongi jarraitu zituzten. Ziklo-krosean oso ona izan zen Jose Ramon, eta hala atera dira semeak. Izagirrek ziklo-kros denboraldiko bere laugarren garaipena lortu zuen, aurreko hirurak Movistar Team taldearekin (abenduaren 3ko IV. Urdiaingo Ziklo-krosa; abenduaren 23ko Aiarako IV. Ziklo-krosa, Arabako Txapelketa zena; eta abenduaren 30eko VIII. Abadiñoko Udala Saria, aldi berean 2024ko Euskadiko Ziklo-kros Txapelketa zena). Ormaiztegikoa, aldiz, Cofidis talde berriarekin lortu zuen. Oso kontentu zegoen Izagirre, eta pozik ospatu zuen garaipena, senitarteko eta lagunekin egindako bazkari ederrarekin. Cofidiseko abentura hasteko irrikaz dago Gorka Izagirre. 

Emakumezkoen Openean Olatz Odriozolak (Donosti Gain) beste garaipen sendo bat lortu zuen (39:29), Ainara Elbustori (Huesca La Magia) minutu eta erdi aterata (40:57). 

Galarza eta Mazkiaran
Ormaiztegiko Ziklo-kroseko kadeteen mailan gizonezkoetan Aner Irizar (Telleriarteko) gailendu zen (30:06), eta Quesos Albeniz-Burundako Ibai Galarza urdiaindarra 22. sailkatu zen (35:59). Kadeteen emakumezkoetan Norclamp taldeko Ane Zubeldia (26:03) izan zen azkarrena, eta aurten ZU-K/ Limousin taldean ariko den Eider Mazkiaran altsasuarra zortzigarren iritsi zen helmugara (32:15).