Futbola

Etxarrik irabaziz eta Lagun Arteak galduz hasi dute 2024 urtea

Guaixe 2024ko urt. 9a, 11:10

Erregional mailako hamahirugarren jardunaldian txanponaren bi aldeak ikusi dira Sakanan

Erregional mailan hamahirugarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Ilbeltzaren 7an, igandearekin, Orkoienen jokatu zuen Etxarri Aranatzek, Kirol Sport taldearen kontra. Neguko eguraldiak partida gehiago zaildu zuen. Bi taldeek aurreratu nahi zuten, baina ezin. Lehen zatia golik gabe despeditu zen, eta egoerak berdin jarraitu zuen bigarren zatian. Partida puntu berdinketarekin despedituko zela zirudienean, 84. minutuan Xabier Ormazabalen golak garaipen garrantzitsua eman zion Etxarriri, sailkapeneko bigarren postuan egotea ahalbideratzen diona. 

Lagun Arteak Ardoi B taldea izan zuen aurkari ilbeltzaren 7an Zizurko El Pinarren jokatutako partidan, hotza protagonista zela. Bi taldeak nor baino nor ibili ziren, 18. minutuan Xabier Marcok Ardoi aurreratu arte. Atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartu zuen Zizurrek, eta partida maldan gora jarri zitzaion Lagun Arteari. Bigarren zatia hasi eta 10 minututara hirugarren gola sartu zuen Ardoik, eta nahiz eta lakuntzarrak saiatu, ezin izan zioten partidari buelta eman, eta 3 eta 0 galduta eta punturik gabe itzuli ziren Lakuntzara.

Datorrena
Mutilbera C taldeak jarraitzen du Erregional mailako laugarren multzoko lider (30 puntu). Etxarri Aranatz bigarren da (26 puntu), hirugarren den Ardoi B taldearekin puntutara berdinduta, eta Lagun Artea zazpigarren postuan dago (19 puntu), igoera faseko postuetatik 4 puntutara. 

Ilbeltzaren 13an, igandea, Etxarri Aranatzek 20 punturekin sailkapenean seigarren den Beti Kozkor taldea hartuko du San Donato zelaian, 16:00etan. Lagun Arteak, aldiz, 10 punturekin sailkapenean hamaikagarren den Arga Ibaia hartuko du ilbeltzaren 13an, Lakuntzako Itxesalde zelaian.