“Doakotasuna eta unibertsaltasuna ez dira gauza bera”

Guaixe 2024ko urt. 15a, 09:02

Eider Mazkiaran Garde lankide bati 0-3 duinaren aldeko zapia jartzen. ARTXIBOA

Haur eskola duinak izateko ratioak jaistea, soldatak igotzea eta langileak gehitzea eskatzen du plataformak. Doakotasun iragarpenak ez ditu ase Nafarroa 0-3 plataformako kideak, Eider Garde Mazkiaranek azaldu duenez.

Carlos Gimeno Gurpegi Hezkuntzako kontseilariak astelehenean iragarri zuenez, 2024-2025 ikasturtean 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehen zikloa doakoa izanen da Nafarroako haur eskoletan izena emandako seme-alabak dituzten familia guztiendako, bai Foru Gobernuak zuzenean kudeatzen dituzten eskoletan, bai harekin hitzarmenak dituzten toki-erakundeen mendeko haur-eskoletan ere. Kontseilariak jakinarazi zuenez, haur eskola publikoen sarearen doakotasunak 3,8 milioi euro inguruko kostua izanen du, hala gutxienez 3.300 familia berri izanik onuradun. 

Iragarpenak zer iritzi sortu du plataforman?
Plataformakook beti eskatu dugu zikloa doakoa eta unibertsala izatea. Baina, lehenengo eta behin, argitu nahi dugu doakotasuna eta unibertsaltasuna ez direla gauza bera. Nafarroan 0-3 zikloan unibertsaltasun horretatik oso urruti gaude oraindik. Doakotasuna ezarriko dute. Nolabait, familiak “poltsikoratzeko” estrategia politiko bat izan daiteke. Gure ustez doakotasunak azkenetariko keinuetako bat izan beharko luke. Bien bitartean ziklo hori antolatzeko behar garrantzitsuagoak badaudelako. 

Zer ekarriko du doakotasunak?
Doakotasunak irailetik hasita haur eskolak tentsioan jarriko ditu. Izan ere, unibertsaltasuna bermatzeko ez dago nahikoa eskaintza publikorik. Irailetik aurrera oso agerian geldituko den arazo bat izanen da hori. Esate baterako, Iruñeko haur eskolak duela hiru urte doako bihurtu zituzten, eta dauden plazak baino hiru aldiz matrikula eskaera gehiago dituzte. Bi heren kalean gelditzen dira. Ziurrenik Nafarroan antzeko egoera izanen da. Argi dago plaza eskaintza ez dela nahikoa. Hortaz, doakotasunaz bai, baina ezin da unibertsaltasunaz hitz egin. 

Doakotasunak irailetik hasita haur eskolak tentsioan jarriko ditu. Izan ere, unibertsaltasuna bermatzeko ez dago nahikoa eskaintza publikorik.

Plaza berriak eginen dituzte?
Sekula ez bezala, aurten 1.173 plaza berri sortuko dira. Europako funtsekin eginen dute. Erripagañan haur eskola berria egiten ari dira eta hainbat udalek plaza kopuruak handitzea eskatu dute. Baina horrela ez dira plaza asko sortuko. Hezkuntza Departamentua beste ekintzetan lanean ari dela adierazi zuen kontseilariak. Eta horrek beldurtzen gaitu. Badakigu haur eskola gehiago ez dituztela eginen, beraz, bi lerro aurreikusten ditugu. Batetik, 2007ko dekretua betetzen duten haur eskola pribatuak kontzertatzea, baimenduak izena ematen diete (tartean Txioka). Bestetik, bi urtekoen gelen kontua dago. Azken hori alerta jartzen gaituen egoera latza da. 

Zergatik?
Bi urtekoen gelak sortuko balira, unibertsaltasuna eskaintzeko aukera legoke. Eraikinak hor daude. Jaiotze tasaren jaitsiera dela eta, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan irakasleak soberan daude. Hezkuntza Departamentuarendako estrategia borobila litzateke, irakasle horiek lanean mantenduko lituzkelako. 

Zer dira bi urtekoen gelak? 
Gu horren kontrakoak gara. Hasteko, Haur Hezkuntzako orain arteko 0-3 eta 3-6 zikloak zatitzen dituzte bi urtekoen gelak. Bestetik, bi urteko haurren beharrak ez dira hiru eta sei urte artekoen berak. Bi urteko haurrekin lan egiteak suposatzen du espazioak moldatzea, metodologia egokitzea... Gainera, behar fisiologiko eta afektibo desberdinak dituzte. Bestalde, emozioen aldetik askoz ere menpekoagoak dira. Bi urteko haurrak 3-6ko haurrekin bat eginen lukete, haurren beharrak kontuan hartu gabe.  

Ezartzen diren neurri guztiak Iruñerriko beharrei erantzuten diete, baina ez landa eremuari.

Holakorik gertatzen da?
Plazak sortzeko, Europako funtsekin estatuko hainbat erkidegoetako eskoletan bi urtekoen gelak sortu dira. Profesionalek orain hainbat zentroren egoerak salatu dituzte. Horrek arduratzen gaitu. 

Kezka gehiago?
Funtzionatzeko modua desberdina da Iruñerrian eta landa eremuetan; gu azken horretan gaude. Ezartzen diren neurri guztiak Iruñearen zentraltasuna kontuan hartzen dute; Iruñerriko beharrei erantzuten diete, baina ez landa eremuari. Bestalde, oso presente dugu gobernuak eta EH Bilduk 2022an sinatu zuten akordioa. Hau da, kudeaketa komunerantz pausoak ematea eta Europako ratioetarantz gerturatzea. Horretaz inork ez du ezer esaten. 

Ondorioa?
Lehena, haur eskolak tentsioan egonen dira irailean, ratioak %100ean egonen direlako doakotasun horrek eraginda. Inork ez du hitz egiten ez ratioen jaitsieraz, ez plaza berriak sortzeaz ezta komuneko kudeaketaz ere. Besteak beste, horrek arduratzen gaitu. 

Eta ratioak, zer?
Hezitzaile bakoitzarendako ezarrita dauden haur ratioak gehiegizkoak dira. Orain arte doakoa ez zenez, landa eremuetan urte batzuetan “zortea” genuen, taldeak ez zirelako %100an betetzen. Ratioaren azpitik haur bat edo bi geunden, eta horrek, nolabait, arnasa ematen zigun lanean. Doakotasunak ekarriko du zerbitzuaren beharrik ez dutenak ere zerbitzua erabiliko dutela. Hau da, ratioak %100 beteko dira. Tristea bada ere, ratioak oraindik ez dira ukitu. Jarraitzen dugu hezitzaileko zortzi titiko umerekin (0-1 urte), hezitzaileko hamabi ibiltarirekin (1-2 urte) eta hezitzaileko hamasei nagusirekin (2-3 urte). Europako ratioak horren erdia dira. Joan zen urtean errefortzuko langileak jarri ziren, baina %80 falta da oraindik ratioak erdira jaisteko. Gainera, landa eremuko haur eskola askok ez dute errefortzuko langilerik jaso. Matrikularen arabera ematen ditu Hezkuntza Departamentuak eta eskola txikietara ez da iristen. 21 matrikula behar dira gutxienez errefortzuko langile bat izateko. Izoztuta gelditu da Europako ratioetarantz jotzeko ekimena. Doakotasunak hiru milioi pasatxo euroko kostua du, errefortzuko langileak kontratatzeak, berriz, askoz ere gehiago. Estrategia politikoa da, galeriarendako hartutako erabakia da. Berez, ez ditu 0-3 zikloak dituen erronkak aurrez aurre hartzen, etengabe salatzen ari garen egoerei ez die konponbidea ematen. Non dago zerbitzu honetan eskaini daitekeen kalitatea? 

Inork ez du hitz egiten ez ratioen jaitsieraz, ez plaza berriak sortzeaz ezta komuneko kudeaketaz ere.

Zer dio legeak?
Hezkuntza Legeak (LOMLOE) edukiak aldatu dizkigu. Bat-batean, zailtasunen prebentzio lana egin behar dugu, eta hainbat gauza gehiago gehitzen zaizkio gure lanari. Baina giza baliabiderik ez dugu. Hori oso frustragarria da. Antsietate handia sortzen du. Gehienbat haur txiki hauekin nola lan egin behar den dakigunean, baina kontziente garenean ditugun baliabideekin ez garela iristen. Tristea da. Prentsaurrekoan bikaintasuna aipatu zuen. Gurean goiz bat pasatzera gonbidatzen ditut, beste behin ere. Ea zer den haiendako Hezkuntza bikaintasuna edo kalitatea Haur Hezkuntzan. 

Bestelako araudirik bete behar duzue?
“0 eta 6 urte artekoa hezkuntza ziklo osoa” dela esaka dabiltza. Educa sistemaren barruan sartu arazi gaituzte haur eskolak. Beste neurri azkar bat. Hor sartuko ez bagina, errefortzurik ez ligukete emanen. Mehatxu kutsu bat dago hor ere. Baina Educa ez dago 0-3 ziklora egokituta. Hala ere, Educaren bidez eginen da heldu den ikasturterako matrikula. Hiriguneekin alderatuta landa eremua kaltetuta aterako da. Legearen arabera, hamasei aste izan behar ditu umeak haur eskolan matrikulatu ahal izateko. Iruñerrian ikasturteko apirilera arte jaiotako haurrekin 0 eta 1 urte artekoendako gelak bete egiten dira. Beraz, maiatzetik aurrera jaiotakoek ez dute eskubiderik haur eskola publiko batean matrikulatzeko. Hortaz, pribatura jotzen dute. Landa eremuetan bi edo hiru hilabeteko umearen familia askok uste dute denbora dagoela eta ez dute baloratzen matrikulatu beharreko garaia denik. Haurdun daudenek ere ez dute matrikulatzearen behar hori irudikatzen. Bestetik, publikoan plazarik gabe gelditu direnendako landa eremuan eskaintza pribaturik ez dago. Onarpenerako araudian landa eremurako hainbat neurri aldarrikatu izan ditugu. Esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 eta 1 urtekoendako gelarako matrikula urte guztian zehar zabalik dago. Horrela benetako eskolaratze eskubidea bermatzen da. Iruñeazentrismoarekin talka egiten du, araudia eta dena Iruñearen irudira egina baitago. Landa eremuak ez du inolako indarrik, nahiz eta haur eskolen %80 landa eremuan egon. 

Doakotasunak ekarriko du zerbitzuaren beharrik ez dutenak ere zerbitzua erabiliko dutela.

Nafarroan zenbat haur eskola daude?
105. Erripagañakoa eraikitzera 5,5 milioi euro bideratu dituzte. Oraingo eskaintza bikoiztu behar baldin bada, esaterako, 210 haur eskolara iristeko, zer nolako inbertsioa egin beharko litzateke? Ekonomikoki haur eskola gehiago eraikitzea utopikoa dela ikusten dugu, nahiz eta argi ikusi pedagogikoki 0 eta 3 urte arteko umeen toki naturala haur eskolak direla. Horretan segituko dugu. Merkeago ateratzen zaizkien konponbide horien beldur gara. 

Haur eskola publikoak zeinek kudeatzen ditu gaur egun?
Nafarroako Gobernuak bost ditu. Udal haur eskola batzuk udalak zuzenean kudeatzen dituzte (Altsasu), eta besteetan enpresa pribatu batek kudeatzen ditu (Uharte Arakil eta Arbizu). Araudi bera dutenez, desberdintasuna ez dago zerbitzuan, bai, ordea, langileen lan baldintzetan. Ez da gauza bera oposizio-lehiaketa egin eta udalean lanpostu bat lortzea edo enpresa pribatu baterako lan egitea. Azken horien artean irabazi asmoa eta halako asmorik ez dutenen artean desberdinduko nuke. Arbizukoaren kasuan ez dago irabazi asmorik, enpresak ez du kudeaketatik dirurik ateratzen; udalak ematen dion dirua kudeatzen du. Gurea sektorea feminizatua da, Nafarroan masiboki pribatizatua dago. Izan ere, pribatizazioarekin kostuak merkatzen dira. Udal askok esaten dute ekonomikoki ezin dutela halakorik jasan, ezin dituztela bere egin langile horiek plantilla organikoan. Arbizuko gure kasuan, esaterako, hamabost gara 1.200 biztanleko udal batean. Funts publikoarekin ordaintzen da dena. Egia da kudeaketa zuzena zertxobait garestiagoa dela. Baina ez hainbeste. Pribatizatuta gaudenoi estatuko lan hitzarmena ezartzen zaigu eta udal langileei administrazioaren hitzarmena. Alde handia dago. Estatuko hitzarmena praktikan Langileen Estatutuan oinarritzen da, soldata kenduta (borrokatu eta gero %30eko igoera lortu zuten), oso gauza gutxi aldatzen dira. 

Orain zer?
Plataformaren helburua ratioak jaistea da. Borroka honetan gure iparra haurtzaroaren ikusgarritasuna da. Jendeak errepara diezaiola zein baldintzetan egon diren, dauden eta egonen diren umeak haur eskoletan. Ahotsa jartzea: ez gara super-emakumeak, haurrak ez daude hiper-ondo. Askotan errealitatea makillatu egiten da. Haurren baldintzak hobetzen ez diren bitartean, guk haiekin ezin dugu segi.