Dozena bat udal 1.080 euroko pentsioen alde

Guaixe 2024ko urt. 15a, 10:00

Pentsio duinen aldeko kontzentrazioa Zumalakarregi plazan eginen da ilbeltzaren 15ean. ARTXIBOA

Nafarroako 1.080 euro Orain herri ekimenak aurkeztutako mozioa onartu dute.

Sakanako pentsio duinen aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, dagoeneko ibarreko dozena bat udalek onartu dute 1.080 euro Orain herri ekimenak aurkeztutako mozioa. Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuren erantzunak jasotzea falta zitzaien. Idatzi horrekin bat egin duten udalek, lehenik, Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari eskatu diote 2024tik aurrera beharrezko aurrekontu partida gaitu dezan, pentsiodunen pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko, urtean 14 ordainsari izanik. Horrekin batera, mozioa onartu duten udalak pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenekin bat egin dute, zehazki, pentsioetan dagoen genero arrakala ezabatzearekin. 

Herri ekimeneko kideen iritziz, "1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzea premia sozial urgentea eta justiziazkoa da, eta erakunde publikoek beharrezko erabakiak hartu behar dituzte herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko. Horretarako, gutxieneko diru sarrera nahikoak bermatu behar dituzte".