Trenaren aldeko manifestazioa deitu dute

Guaixe 2024ko urt. 15a, 14:08
Hiru plataformetako ordezkariak izan ziren ekimenen aurkezpenean.

Apirilaren 20an, larunbata, abiadura handiko trenek soilik erabilzeko trenbide azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea eta gaur egungo tren azpiegiturak berritzea, eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko manifestazioa eginen dute, Altsasun.

Araba Trenaren Alde Goierriko AHTrik Ez plataformak eta Nafarroa Trenaren Alde elkarlanean ari dira, hirurek ere tren sozialaren aldeko eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako ikuspegia baitute. "Trena benetako garraiobide bihur" dadila aldarrikatzen dute. Apirilaren 20an, larunbata, 18:00etan, Altsasuko suhiltzaileen paretik (supermerkatuaren aparkalekutik) manifestazioa deitu dute.

"Duela urte eta erdi aurkeztutako alternatiba aurrera eramatea eskatzen dugu, hiru bide ingeniarik idatzia. Azterlan tekniko alternatiboa egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin", nabarmendu dute.

Proposatutakoaren "abantaila handia" nabarmendu dute: "salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez". Alternatiba gauzatuz gero "Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñearekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia denborak 10 eta 8 minutu baino ez dira handituko, hurrenez hurren, baina trukean, ibilbide osoko geltoki eta geraleku guztiak hobetu eta berreskuratuko lirateke, eta ingurumen-inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke". Gaineratu dutenez, "egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker, egungo trenek hobera egingo dute segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatuko dira, adibidez Altsasun eta Agurainen, hiri integrazio hobea lortzeko". 

Manifestazioa, eta gehiago
Aurkeztutako alternatiba "konponbide erreal eta teknikoki bideragarria" dela nabarmendu dute, eta gogorarazi dute Iparralden ez dela abiadura handiko tren azpiegitura berri bat eraikiko. Beraz, alternatiba kontuan hartu eta lanak gelditzeko eskatu dute. 

Manifestazioaz aparte, Tren Publiko eta Sozialaren aldeko jardunaldiak antolatu dituzte otsailaren 22tik 25era Lautada, Goierri eta Sakanako hainbat herritan. Jardunaldi horietan hainbat arlo lantzeaz aparte, Italiako NO TAV mugimenduko kideak eta Iparraldeko AHTren aurkako mugimenduaren berri jasotzeko aukera eskainiko dute. 

Azkenik, hilaren 19an, ostirala, bilkurak deitu dituzte; ibarrean Izurdiagako tren geltokian eta Altsasuko udaletxe parean eginen dira, 19:00etan. Elkarretaratzeak eginen dira "herritarron hitza errespetatzeko eskatzeko, alternatiba aurrera eramateko eta zundaketak geldiaraztea eskatzeko".