Txirrindularitza

Sakandarrak Nafarroako Txirrindularitza Galako protagonisten artean

Guaixe 2024ko urt. 17a, 10:20

Nafarroako Txirrindularitza Federazioaren 2023ko denboraldiko galan hemezortzi sari Sakanara etorri ziren

Abenduaren 29an Nafarroako Txirrindularitza Federazioak 2023 denboraldiko txirrindulari onenen sariketa gala egin zuen Artikan, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari Jorge Agirre eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioko kideak eta Nafarroako klubak bertan zirela. Imanol Erbiti, Oscar Rodriguez, Juan Peralta eta Idoia Eraso txirrindulariek sari banaketan parte hartu zuten.

Nafarroako Kirol Jokoetan kimuen mailan 28 trofeo banatu ziren guztira, haurren mailan 27 eta kadeteen mailan beste 27. Bestalde, Nafarroako Txirrindularitza Federazioko Challengeetan 13 sari jaso zituzten juniorrek, 19 sari elite eta 23 urtez azpikoek eta 21 sari masterrek. Sari horietako batzuk Sakanara etorri ziren. 

Nafarroako Kirol Jokoen barruan guztira hamabost sari iritsi ziren Sakanara. Gizonezkoen kadeteen mailan errepide modalitateko sailkapen orokorreko lehen saria Quesos Albeniz-Burundako Ekain Imaz altsasuarrak jaso zuen. Sakana Group-Alea-Aralar taldeko Luca Martinez hirugarren izan zen. Mendiko sarian atzera ere Ekain Imaz izan zen txapelduna, eta bere taldekide Ekaitz Perez olaztiarrak hirugarren saria lortu zuen. Tartekako helmugen sarietan Ekaitz Perez bigarren sailkatu zen, eta Ekain Imaz hirugarren. Taldeka, Cafenasa izan zen onena, eta Sakana Group-Alea Aralar bigarrena. BTT modalitatean, Sakana Group-Alea-Aralar taldeko Erik Laiglesia bigarren izan zen. 

Eskolen mailako haurren kategoriako gizonezkoen ginkanan Quesos-Albenizko Ekaitz Zufiaurre urdiaindarrak hirugarren saria jaso zuen. Emakumezkoen ginkanan Quesos Albenizko Enara Perez olaztiarrak bigarren saria lortu zuen; Enara Perezek errepide modalitatean bigarren saria lortu zuen, eta pista modalitateko bigarren saria. Haurren pista modalitateko gizonezkoetan, Alea-Aralar taldeko Ion Unai Gonzalezendako hirugarren saria izan zen. 

Eskolen mailako kimuen gizonezkoen ginkanan Quesos Albenizko Javier Ramirez de Alda altsasuarrak bigarren saria jaso zuen, eta bere taldekide Asier Galarza urdiaindarrak hirugarrena. 

Challengean Gomez, Mintegi eta Gil
Nafarroako Challenge sariketetan sari garrantzitsuenak txirrindulari sakandarrek lortu zituzten. Challengea osatzeko denboraldiko lasterketa guztiak hartu ziren kontuan. Junior mailako gizonezkoen errepide modalitatean Quesos Albeniz taldeko Iker Gomez altsasuarrak lehen saria jaso zuen. Siets Goikoetxea urdiaindarra (Beratxa) emakumezkoen saria jasotzera igo zen oholtzara. Gizonezkoen 23 urtez azpiko eta elite mailako lehen saria Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarrak jaso zuen, eta hirugarren saria Jon Gil lakuntzarrak (Gomur).