Europako proiektuen ardura hartuko duen pertsona bat kontratatu nahi du Sakanako Garapen Agentziak. Mugagabeko kontratua eta lanaldi osoko lanpostua eskaintzen ditu agentziak, 31.190 euroko soldata gordinarekin. Honako baldintzak bete beharko dituzte hautagaiek: unibertsitate ikasketak izatea; euskararen C1 jakite maila frogatzea titulu bidez edo euskara proba gaindituz; ingelesa jakitea, ahoz eta idatziz (B2); gidabaimena eta ibilgailu propioa izatea eta antzeko eginkizunetan gutxienez 2 urtetako lan esperientzia izatea. Eskabideak aurkezteko hiru modu daude: Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan aurkeztuz, haren egoitza elektronikoan (labur.eus/fEfuf) edo Sakanako Mankomunitatearen egoitzara gutuna bidaliz.
Hautatua den pertsonak Sakanako Plan Estrategikoan aurreikusitako jarduerak garatu beharko ditu. Bost eginkizun eta ardura izanen ditu. Batetik, maila askotariko Ikerketa eta Garapenaren inguruko programa, ekimen eta dirulaguntzen inguruko informazioa jasotzea, aztertzea eta zabaltzea. Bestetik, proiektu estrategikoak identifikatu, sustatu kudeatu eta justifikatu, Europa mailakoak batez ere. Horren barruan zazpi eginkizun izanen ditu: Europako eragileekin harremanak sustatu; Europa, Estatu eta Nafarroa mailako deialdietara aurkezteko proiektuen identifikazioa, aurkezteko konsortzioen sorrera eta deialdira aurkezteko lanen koordinazioa; bazkideen arteko elkarlana dinamizatu eta gauzatzea ziurtatu: konsortzio bilerak eta barne komunikazioa; lanen gauzatze fisiko eta finantzakoa irudikatzeko txostenak egin eta aurkeztu; proiektuaren baitako lanak planifikatu, jarraipena egin eta ebaluatu; proiektuaren ezarpenean, Sakanako Garapen Agentziako lantalde teknikoaren koordinazioa eta proiektuak Sakanako eskualdean izango duen gauzatze teknikoa ziurtatu eta, azkenik, proiektuaren justifikazio tekniko-ekonomikoa zuzendu eta gauzatu.
Proiektu arduradunaren beste hiru egiteko edo ardurak izanen dira, alde batetik, enpresen arteko elkarlana sustatzea arlo askotan (berrikuntza, merkaturatzea, nazioartera ateratzea, inter-ekintzailetza…). Horrekin batera, askotariko proiektuak kudeatzea, eskualdea garatu eta enpresen posizionamendu estrategikoa hobetze aldera eta, azkenik, berrikuntza teknologikoarekin, I+D+T-rekin eta teknologia-transferentziarekin harremana duten beste zerbitzu batzuk.
Deialdiari buruzko informazio gehiago nahi duenak Sakanako Garapen Agentziarekin harremanetan jarri daiteke 647 864 239 telefono zenbakira hots eginez, edo info@sakanagaratzen.com helbide elektronikora idatziz. Bestela, labur.eus/jGxPo webgunean eskura daiteke informazio guztia.