2024ko Maria Markotegi literatur lehiaketa martxan da. Sakanako ikasleei eta ibarreko ikastetxeetan ikasten duten haur eta gazteei bideratutako lehiaketa da, eta Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak antolatzen du, euskarazko sormena bulkatzeko asmoz. Lanak aurkezteko epea apirilaren 12 arte da. Lau sail daude: narrazio laburra, poesia, komikia eta booktubea. Booktubea sailean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek parte har dezakete. Ikasleen mailaren arabera lau kategoria daude: A kategoria Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak; B bosgarren eta seigarren mailako ikasleak; C DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleak eta D kategoria DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleak.
Kategoriaren arabera lanek luzera desberdinak izanen dituzte: A kategorian narrazio laburrean gutxienez orrialde bat eta gehienez lau orrialdeko lanak egin behar dituzte; poesian gutxienez hamar lerro eta gehienez 50, eta komikian gutxienez orrialde bat eta gehienez bi. B kategorian, narrazio laburrean, gutxienez bi orrialde eta gehienez bost orrialde; poesian gutxienez hogei lerro eta gehienez 50, eta komikian gutxienez orrialde bat eta gehienez hiru osatu beharko dituzte.
C kategoriakoek, DBHko lehenengo eta bigarren mailako gazteek, narrazio laburrean hiru eta sei orrialde tartean idatzi beharko dituzte, poesian gutxienez 30 lerro eta gehienez 80 eta komikian gutxienez bi orrialde eta gehienez lau orrialde. Booktube sailean gutxienez 1,5 minutu eta gehienez bi minutuko liburu baten inguruko bideoa egin behar dute. D kategoriakoek narrazio laburrean lau eta zazpi orrialde arteko narrazio laburra, 40 eta 80 lerro arteko poesia lana eta bi eta bost orrialde arteko komikia egin beharko dituzte. Booktubean 1,5 minutu gutxienez eta hiru minutu gehienez iraun beharko du bideoak.
Ezaugarriak
Maria Markotegi literatur lehiaketara aurkeztutako lanak originalak, aurrez saritu gabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izanen dira. Lanen gaia librea da, booktubetan izan ezik. Booktubetan irakurritako euskarazko liburu baten aurkezpena eginen da, eta, besteak beste, liburuaren titulua, egilea eta argitaletxea aipatuko dira.
Narrazio laburrak eta poemak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira, 12 puntuko hizki tamainan. Komikiak zuri beltzean edo koloretan aurkeztuko dira, eta ez dira onartuko ordenagailuz egindakoak. Aholkatzen dute Din A3 tamainakoak egitea, testuak ongi ikusi ahal izateko. Lanak bakarkakoak izanen dira, booktubeak izan ezik, binaka egin baitaitezke, baina ez da derrigorrezkoa biak bideoan agertzea.
Lanak goitizen batez izenpetuko dira eta antolakuntzak banatutako plikaren bidez datuak gutun azal batean sartuko dira. Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako bulegoan edo sakanamank.eus webguneko Euskara zerbitzuko lehiaketak deitutako estekaren bidez aurkez daitezke. Webgune honetan sariketaren oinarriak eta informazio guztia aurki daiteke ere. Booktubearen kasuan USB batean egoitzan edo Wetransfer bidez euskara1@sakanamank.eus helbidera bidaliko dira.
Maria Markotegi sarietara aurkezten diren lan guztien egileek oroigarria jasoko dute eta kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira; A kategorian liburu denda batean erabiltzeko 60 euroko txartela, B kategorian 80 euroko txartela, C kategorian 100 eurokoa, eta D kategorian 120 euroko txartela. Sari banaketa ekitaldi publiko batean eginen da.
Nanoipuinak
Euskara ikasleendako eta Mintzakideendako Nanoipuin lehiaketaren edizio berria jarri du martxan ere Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak; hortaz, euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonak parte har dezake, baita Mintzakide programako parte hartzaileek ere. Hiru maila daude: A1 eta A2 mailetako ikasleak; B1 ikasleak eta B2 eta C1 mailetako ikasleak. Mintzakideak euskararen ezagutzaren pareko mailan parte hartuko dute. Lanak apirilaren 12ra arte aurkez daitezke.
Nanoipuin bakoitzak 150 hitz izango ditu gehienez eta egile bakoitzak nahi beste testu aurkez ditzake. Indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko. Lanak sakanamank.eus webguneko Euskara Zerbitzuko lehiaketak estekaren bidez aurkeztuko dira. Bertan izena eman ahal izanen da formulario bidez eta oinarriak kontsultatu ahal izanen dira ere bai.
Aurkezten diren lan guztien egileek oroigarria jasoko dute eta maila bakoitzeko saridunek Sakanako liburu dendetan erabili ahal izateko 150 euroko txartela irabaziko dute. Sari banaketa ekitaldi publiko batean eginen da.