Pilota

Binakako sorpresak

Guaixe 2024ko urt. 15a, 11:00
Peio Etxeberriak eta Zabaletak finalerdietan egoteko pauso handia eman dute. UTZITAKOA

Etxeberriak eta Zabaletak Altunaren eta Martijaren bolada ona eten zuten, eta Ezkurdiak eta Tolosak arantza atera, eta garaipen garrantzitsua lortu zuten, borrokan segitzea ahalbideratzen diena

Binakako Txapelketako bederatzigarren jardunaldiak sorpresa dezente utzi ditu. Ilbeltzaren 12an, ostirala, Ezkurdiak eta Tolosak arantza kendu zuten, eta txapelketako hirugarren garaipena lortu zuten partida oso serioan Elordi eta Rezusta 7 tantotan utzi eta gero. Hasieran parez pare ibili ziren bi bikoak, baina Ezkurdiak aginte makila hartu, eta pilota izugarrizko abiaduran mugituta Elordiren eta Rezustaren defentsa guztiz apurtu zuen. Atzeko koadroetan, gainera, Tolosa gailendu zitzaion egun oso txarra izan zuen Rezustari. Ezkurdiak eta Tolosak irabazi beharra zuten, bai ala bai, eta garaipen horrek borrokan sartzea ahalbideratu die. 

Ilbeltzaren 14an, igandea, Gasteizko Ogetan, ikusmen handia piztu zuen Altunak eta Martijak Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra jokatutako partidak. Dirua Altunaren eta Martijaren alde atera zen, lau partida jarraian irabazita, animoz eta sasoiz gainezka iritsi zirelako hitzordura. Bi bikoek partida serioa eskaini zuten, oso gogorra. Zabaleta hasieran ez zen guztiz eroso ibili, urdailean arazoren bat tarteko, baina bigarren zatirako errekuperatu egin zen, eta hortik aurrera pilota ohi bezala astindu eta dominatzera pasatu zen. Lehia izugarri gogortu zen, baina azken txanpara freskoago iritsi ziren Etxeberria eta Zabaleta, ideiak argi, eta garaipen garrantzitsua lortu zuten, 19 eta 22, hori bai, ederki sufrituta. Altunaren eta Martijaren bolada ona apurtuz. 

Bestalde, Jakak eta Mariezkurrenak 22 eta 19 irabazi zieten Peña II.ari eta Eskirozi eta Artolak eta Imazek 14 tantotan utzi zituzten Laso eta Aranguren. 

Sailkapena, behealdean estu
Jaka eta Mariezkurrena dira liderrak (8), jokatutako bederatzi jardunaldietan zortzi garaipen lortuta (8 puntu). Etxeberria eta Zabaleta gertu daude (7 puntu), eta 5 puntu dituzte hirugarrenek, Artolak eta Imazek. Altuna-Martijak eta Elordi-Rezustak launa puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk eta Ezkurdia-Tolosak hiruna puntu, eta Laso-Arangurenek bi puntu. 

Binakako hamaikagarren jardunaldian ere indartsu dator. Ilbeltzaren 18an, ostegunarekin, Elordik eta Rezustak Peio Etxeberria eta Zabaleta izango dituzte aurkari Mungian. Ilbeltzaren 20an, larunbata, bi jardunaldi egongo dira jokoan. Durangon, Lasok eta Arangurenek Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari; eta Labriten, Jakak eta Mariezkurrena II.ak Artola eta Imaz. Jardunaldia ilbeltzaren 21ean, igandea, despedituko da, Eibarko Beotibarren. Ezkurdiak eta Tolosak Altunaren eta Martijaren kontra jokatuko dute.