Futbola

Erregionalean, jardunaldi aparta gure taldeendako

Guaixe 2024ko urt. 16a, 12:10

Hamalaugarren jardunaldian garaipena lortu zuten bai Etxarri Aranatzek eta baita Lagun Arteak ere

Gizonezkoen erregional mailako laugarren multzoan hamalaugarren jardunaldia jokatu zen. Sailkapenean bigarren den Etxarri Aranatzek Lekunberriko Beti Kozkor hartu zuen San Donato zelaian. Goiko postuan irautea zuten jokoan etxarriarrek, eta ez zuten huts egin, hasieratik agintea hartu baitzuten. 10. minuturako Xabat Goikoetxeak Beti Kozkorren atea zulatu zuen, eta atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuen Oihan Karasatorrek. Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen eta Jon Erdoziak eta Xabat Goikotxeak egindako golei esker, 4 eta 0 aurreratu zen Etxarri. Partida bukaeran iritsi zen Beti Kozkorren erantzuna, azken bi minutuetan bi gol sartu baitzituzten, baina Lekunberrikoek ez zuten Etxarriren garaipena arriskuan jarri (4 eta 2). 

Lakuntzako Zelai Berrin beharrean, hareazko Itxesalden jokatu zen Lagun Artearen eta Arga Ibaiaren arteko norgehiagoka. Azken partidak galdu ondoren, garaipenaren bidean kokatu nahi zuten lakuntzarrek, eta baita lortu ere, 6 eta 2 gailendu baitzen Lagun Artea. Partida zati gehienean bi taldeak parez pare aritu ziren. Lagun Artea aurreratu zen, Gaizka Sagarzazuri eta Alvaro Codoni esker, baina 73. minutuan Arga Ibaiak bina berdindu zuen. Hortik aurrera hasi zen gol festa, Lagun Arteak beste lau gol sartu baitzituen jarraian. Maurice Gomis, Gorka Hernandez (2) eta Andoni Razkin izan ziren golegileak. 

Mutilbera C taldeak jarraitzen du gizonezkoen Erregional mailako laugarren multzoko lider (33 puntu). Etxarri Aranatzek bigarren postuari eusten dio (29), 4 puntura, eta Lagun Artea seigarren da (22 puntu). Ilbeltzaren 21ean, igandea, Etxarri Aranatzek Sanduzelain jokatuko du Liceo Monjardinen kontra. Lagun Arteak, aldiz, ilbeltzaren 20ean jokatuko du, Sansaastin egunean, 15:45ean, Rotxapea B taldearen kontra, El Iratin.