Etxeberriko Lacturalek behi esnearen ekoizpen integratua du. Larraz landako arrautzak enpresak errunaldiko hegazti hazkuntzako ekoizpen integratua egiten du bere hiru haztegietan, horietako bat Arbizun du. Aurrenak esnea, gazta freskoa eta yogurtak ekoizten ditu, atzenak, berriz, arrautzak. Nafarroako Ekoizpen Integratuaren 20. urteurrena bete da. Zigilu horren pean, gaur egun arroza, oilaskoa eta tomate freskoa ere merkaturatzen dituzten ekoizleak daude erregistratuta.
Sistema horrek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiak hartzen ditu, ingurunea errespetatzen duen ekoizpenaren alde egiten dutenak, eta lehentasuna ematen die ingurumenarekin kontu handiena duten metodoei. Ekoizpen konbentzionalaren eta ekologikoaren arteko alternatiba bat da, nekazaritza eta abeltzaintza bizia eta iraunkorra, ingurunearekiko errespetua duena, ekoizten duenarentzat errentagarria eta gizartearen eskaerei erantzuteko gai dena ahalbidetzeko bokazioarekin.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak Ekoizpen Integratuaren zigilua duten Nafarroako bederatzi enpresen papera nabarmendu du. Aierdi kontseilariak "gizarteak gero eta gehiago eskatzen duena bateratzen duen sistema baten garrantzia" azpimarratu du: "elikagaien segurtasuna, tokiko eta hurbileko produktua, ingurumenaren jasangarritasuna, eta baita ekonomikoa ere, gure landa-eremuak bizirik mantenduz". INTIA-Reyno Gourmeteko zuzendari kudeatzaile Natalia Bellostasek azaldu duenez, "INTIA arduratzen da produktu bakoitzaren araudi espezifikoak betearazteaz", eta funtzionamendu egokia bermatzeko, "aldizkako auditoriak egiten dira, produkzio-sistema bakoitzaren kontrol-plan zehatza betetzen dela bermatzeko".