Zortzi urteko espetxe zigorra ilobari sexu abusuak egiteagatik

Guaixe 2024ko urt. 17a, 13:47

Sexu erasoak salatzeko kontzentrazio bat. ARTXIBOA

Biktimak 16 eta 17 urte zituenean, etxean bakarrik zeuden bakoitzean gizonezko auzipetuak sexu harremanak izatera behartzen zuen. Epaitegiak zigorra berretsi du, baina Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke epaia.

Iloba adingabe batekin sexu harremanak izan zituen gizon sakandar bati Probintzia Auzitegiak ezarritako 8 urteko kartzela zigorra berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak. Epaiak jasotzen duenez, auzipetuak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio salatzaileari eta ezin izanen da harengana hurbildu, ezta harekin harremanetan jarri ere 13 urtez. Eta kartzelatik atera ondoren, zaintzapeko askatasunean 6 urte egonen da. 

Epaian jaso denez, 2013ko udan gurasoak banandu ondoren, orduan 15 urte zituen biktima aitaren arrebarekin eta haren bikotekidearekin bizitzera joan zen Sakanako herri batera. Denborarekin, neskaren eta izebaren arteko harremana gaiztotuz joan zen. Orduan, osabarekin harreman estuagoa izaten hasi zen, eta osabak berarekin hitz egin nahi zuen. Berarekin sexu harremanak izan nahi zituela esan zion, baina 17 urte bete arte itxarongo zuela legezkoak izan zitezen.

Hala ere, gazteak 17 urte bete baino pixka bat lehenago, sexu harreman bat izatera behartu zuen, eta neskak "txilioka" eta "negarrez" kontra egin zion. Gertaera hori 2015eko ilbeltzean gertatu zen, eta hurrengo garilera arte, epaiaren arabera, "etxean bakarrik zeuden bakoitzean, akusatuak bere iloba sexu harremanak izatera behartzen zuen".Epaileen ebazpenean gehitzen denez, agorriletik irailera, neska felazioak egitera behartu zuen.

Epaileek epaian diotenez, "gertaera horiek akusatuak gauzatu zituen, gaztearen borondatearen kontra, eta akusatuak bazekien bere jarrera eta egoera. Akusatuak eta haren bikotekideak etxean hartu zuten, eta ez zuen beste lekurik. Adingabea beldurtuta zegoen akusatua izebaren bikotekidea zelako eta haren babesik ez zuelako, eta ez zen ausartzen gertatutakoa kontatzera eta laguntza eskatzera, garai hartan harreman txarra zuelako eta edozein senideren babesik ez zuelako", jasotzen du epaiak. Etxetik alde egin ondoren, biktimak hainbat pertsonari kontatu zien gertatutakoa.

Abusuak jasan izanarekin bateragarriak diren adierazleak
2023ko garagarrilaren 26an, Auzitegiko Lehen Sekzioak 8 urteko kartzela zigorra ezarri zion auzipetuari. Haren abokatuak helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Absoluzioa eskatu zuen. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak kontra egin zuten. Ezarritako zigorrak berrestearen alde egin zuten. Epaian, Arlo Zibil eta Penaleko Salak defentsak alegatutako arrazoi guztiak ezetsi ditu. Auzitegiarendako, "zalantzarik gabe, biktimaren testigantzak beti dirau eta irmo dirau".

Epaian jaso denez, "alegatzen da biktimak sei urte behar izan zituela salaketa jartzeko, eta hori egia da, baina nolabait ere, salaketa formala, Poliziaren aurrean, aipatutako denbora-tartea igaro delako, baina egia da, halaber, gertakariak gertatu eta bi urte baino gutxiago igaro zirela, eta salatzaileak jada hainbat pertsonari kontatu ziela gertatutakoa, eta pertsona horien testigantza entzun zela epaiketaren ekitaldian", nabarmendu dute magistratuek.

Bereziki garrantzitsua da epaileendako peritu txosten psikologikoa. Haren egileendako, neskaren kontakizunean "salatutako pertsonaren sexu-abusuak jasatearekin bateragarriak diren adierazleak" detektatzen dira. Salak ondorioztatu duenez, psikologoek azaldu zutenez, kontakizuna "koherentea eta sendoa da, egindako frogekin bat datorrena. Bizipen hori izan duen pertsona baten sintomak dituela, gehiegikeriarik edo simulaziorik antzeman gabe, are gehiago, erasana minimizatzen edo disimulatzen ere saiatzen da. Ondorioak bateragarriak dira biktima izatearekin. Errudun sentitzeak salaketa jartzea eragozten zion, eta hori nahiko ohikoa da sexu-indarkeriaren biktimendako".

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.