174 sakandar gehiago

Guaixe 2024ko urt. 25a, 09:00

Ubertearrak Erreka kalean. ARTXIBOA

Ibarrak 20.541 biztanle zituen joan zen urteko ilbeltzaren 1ean. Haietatik 10.561 gizonezkoak ziren eta 9.980 emakumezkoak. Ibarrak duen kilometro karratu bakoitzean 67,21 sakandar bizi dira.

Sakanak laugarren urtez jarraian populazioan gora egin du, 2023aren hasieran 2022an baino 174 sakandar gehiago ginen, hau da, %0,85eko igoera izan zen biztanlerian. Aurreko hiru urtetan adina igo zen biztanleria urte bakar batean, 2020tik 2022ra 178 biztanletan igo baitzen populazioa Sakanan. Igoerak 2013ko populazio errekorretik, 20.809 sakandar, gertuago utzi gaitu, 268 pertsonara. 

Generoari dagokionez, sakandarren %51,41 (10.561, 69 gehiago) gizonezkoak dira eta %48,59 (9.980, 105 gehiago) emakumezkoak. Azken horien kopuruak hamarren bat egin du gora, eta 10.000ko langaren atarian utzi du. Kopuru horretatik emakumezkoak 2013an jaitsi ziren. Bestetik, emakumezko gehiago izateak bi generoen arteko aldea murriztu du eta orain 581 biztanlekoa da. 

Udalerrika
Ibarreko 15 udalerrietatik hamaikatan igo zen populazioa eta lautan jaitsi. Biztanleria hazkunde portzentajeari erreparatuta, bigarren urtez jarraian Arruazu nabarmendu da: %12,26ko hazkundea, 13 arbazuar berri, 10 gizonezko eta 3 emakumezko. Gainontzeko udalerrietan ez da halako igoera nabarmenik izan. Bi puntutik gorakoa, %2,07 (20 biztanle gehiago; 23 gizonezko gehiago eta 3 emakumezko gutxiago), izan zituen Arakilek. 

Puntu bat baino gehiagoko igoerak bost udalerritan izan ziren: Uharte Arakilen (%1,90; 15 gehiago, gizonezko bat gutxiago eta 16 emakumezko gehiago), Ergoienan (%1,88; 7 herritar gehiago; 2 gizonezko eta 5 emakumezko gehiago), Ziordian (%1,73; 6 gehiago, gizonezko 1 eta 5 emakumezko gehiago), Altsasun (%1,15; 86 herritar gehiago; 27 gizonezko eta 59 emakumezko gehiago) eta Lakuntzan (%1,09; 14 gehiago, 10 gizonezko eta 4 emakumezko gehiago). 

Puntutik beherako hazkundea izan zuten lau udalerrik: Irurtzun (%0,74; 17 gehiago, gizonezko bat gutxiago eta 18 emakumezko gehiago), Etxarri Aranatz (%0,60; 15 gehiago, 13 gizonezko eta 2 emakumezko gehiago), Urdiain (%0,31; 2 gehiago, lau gizonezko gehiago eta bi emakumezko gutxiago) eta Arbizuk (%0,18; 2 emakumezko gehiago).

Gainontzeko lau herriek populazioa galdu dute. Bakaiku nabarmentzen da, %3,38ko galerarekin. Hau da, urte batean dozena bat biztanle galdu zituen, bost gizonezko eta zazpi emakumezko. Irañetan galera %1,2koa izan zen, bi gizonezko irintar gutxiago. Iturmendin %0,48koa izan zen populazio galera, bi gizonezko gutxiago. Azkenik, Olatzagutiak populazioaren %0,47 galdu zuen, zazpi olaztiar gutxiago, dozena bat gizonezko gutxiago eta bost emakumezko gehiago. 

 

Aurreko urtean bezala, 2023an ere Arakilek, Lakuntzak eta Etxarri Aranatzek haien populazio errekorra lortu zuten, 987, 1.297 eta 2.521 biztanle hurrenez hurren. Irurtzunek eta Arbizuk ere bere populazio errekorra dute: 2.316 eta 1.126 biztanle. Beti ere 1996tik honako denbora tartea kontuan izanda. Bestetik, aipagarria da azken bi urtetan Ergoienak 14 irabazi dituela. Hiru urteko jaitsieren ondoren Uharte Arakilek, atzera ere, 800 biztanleko langa gainditu du. Beste aldean Irañeta dago bosgarren urtez biztanleak galdu dituena. Iturmendik bigarren urtez kateatu du populazio galera. 

Biztanleria banaketa eta dentsitatea
Sakandarren %36,95 Altsasun bizi dira (0,11 puntu gehiago). Bi zifrako ehunekoak dituzte ere Etxarri Aranatzek (%12,27; 0,3 gutxiago) eta Irurtzunek (%11,28; 0,01 gutxiago). Mila biztanletik gora duten Olatzagutian, Lakuntzan eta Arbizun sakandarren %7,22 (0,1 gutxiago), %6,31 (0,01 gehiago) eta %5,48 (0,04 gehiago) bizi dira hurrenez hurren. Sei udalerri horiek Sakanako populazioaren %79,51 (16.333) dute, bost sakandarretatik lau herri horietan bizi dira. Ibarreko populazioaren  gainontzeko %20,48 bederatzi udalerritan bizi da: Arakil (%4,81;0,06 gehiago), Uharte Arakil (%3,92; 0,04 gehiago), Urdiain (%3,11; 0,01 gutxiago), Iturmendi (%2,03; 0,03 gutxiago), Ergoiena (%1,85; 0,02 gehiago), Bakaiku (%1,67; 0,07 gutxiago), Ziordia (%1,71; 0,01 gehiago), Irañeta (%0,80; 0,02 gutxiago) eta Arruazu (%0,58; 0,06 gehiago).

Udalerrien tamainaren arabera populazioaren dentsitatea aldatu egiten da. Azalera txikia duenez, Irurtzun da biztanleria dentsitate handiena duen Sakanako herria: 657,58 herritar kilometro karratuko. Atzetik ditu Altsasu 283,16 eta Lakuntza 117,56 biztanle km2-ko. 75 biztanle km2-ko baino gehiago hiru herrik dute: Arbizu 78,72; Etxarri Aranatz 76,35 eta Olatzagutia 75,60. Zazpi udalerrik 20 eta 45 artean daude: Urdiain 42,30; Iturmendi 42,18;  Bakaiku 29,32; Ziordia 24,46; Uharte Arakil 21,24, Irañeta 19,65 eta Arruazu 20,76. Dentsitate txikiena duten bi udalerriak Arakil 18,85 eta Ergoiena 9,09 dira.

Nafarroa 
Herrialdeak 2023ko hasieran 671.746 biztanle zituen, 7.629 nafar gehiago, hau da, %1,15eko hazkundea. Nafarren %50,56 (339.660) emakumezkoak ziren eta gainontzeko %49,44 (332.086) gizonezkoak. Sakandarrak nafarren %3,06 dira.