Ilbeltzaren 17a, San Anton eguna, aurten asteazkenarekin izan zen. Egun horretan Lakuntzako hilerri ondoko ermitan meza izan zen. San Anton animalien eta haiekin zerikusia duten lanbideen babeslea da. Sakanan dauden lau kofradiak abeltzainek eta mandazainek sortu zituzten. Ibarreko San Anton kofradiek ospakizuna asteburura atzeratu dute ospakizuna. Gosaldu ondoren bazkal garaira arteko tartea eginen dute.
Dorrao San Anton kofradiako kideek 09:00etan dute hitzordua elizan. Hildako kofradiakideen aldeko mezaren ondoren Jose Migel Razkin Lizarraga priorearen etxera joanen dira. Han anaikide hilen omenezko errespontsua errezatu eta Itur aldea elkartera joko dute. Han kofradiako ardurak berrituko dituzte, priorea eta haren laguntzaileak, mutilak, aukeratuko dituzte. Horrekin batera, kofradiaren kideen zerrenda eta diru kontuak egunean jarriko dituzte. Majo bazkaldu eta arratsa luzatuko zaie dorrobarrei.
Bakaikuko sanantondarrak larunbatean, 12:30ean, dute hitzordua elizan, hildako anaien omenezko elizkizunean. Ondoren, elizan bertan, batzarra eginen dute. Aurreko akta irakurri (gaztelaniaz) eta kofradiaren gobernuaren inguruko gaiak aztertuko dituzte. Arduren banaketa ere eginen da. Xabier Goikoetxea-Ziordiak maiordomo izateari utziko dio eta lekukoa Pedro Joxe Zelaia Romeral, Pexeri, pasako dio. Belero berria aukeratu beharko dute. Batzarra despedituta, poteoan ibiliko dira, 14:30ean mahaira eseri arte. Bakarreko etxea elkartean bazkaltzen hasi baino lehen joan zen urteko akta euskaraz irakurri eta onartuko dute. Ondoren majo bazkalduko dute. Gainera, 16:30etik aurrera kofradiakideek ospakizunean musika lagun izanen dute.
Iturmendiko San Anton kofradia domekan 10:30ean elizan elkartuko da, hildako anaikideen aldeko meza izanen baita. Hura despedituta, apaizaren etxean batzarra eginen dute. Kofradiaren kideen zerrenda egunean jarri eta diru kontuak lotuko dituzte. Aldi berean, kofradiaren ardurak berrituko dituzte: Javier Jungitu priorea izateari utzi eta ardura orain arteko banderadunari, Jesus Galarzari, pasako dio. Banderaren ardura zein izanen den erabaki beharko dute batzarrean. Haren ondoren, Aritzaga elkartean anaidiaren bazkaria izanen da. Joan zen urteko batzarrean kofradiaren estandartea berritzea erabaki zuten eta domekan hura lekuko dela ariko dira mezan, batzarrean eta bazkarian.
Urdiaingo San Anton kofradiako hildako kideen omenezko meza larunbat eguerdian eginen da. Elizkizunaren ondoren, apaizak herriko soroak eliz atetik bedeinkatu eta kofradiakideek San Antonen omenezko kanta abestuko dute. Tintiniturri elkartean gosaldu ondoren, batzarra eginen dute. Diru kontuak eta anaikideen zerrenda egunean jarri ondoren, ardurak banatuko dituzte. Azken urtean maiordomoak Javier Aiestaran (banderaren arduradun) eta Jose Ramon Irigoien (diruzaina) izan dira, haien ordezkoak aukeratu ondoren, kofradiakideak Aitziber elkartean bazkalduko dute. Giro ederrean egon ondoren, 18:00ak aldera maiordomoen etxera joanen dira kafea eta kopa hartzera.