Txirrindularitza

Txirrindularitza denboraldi berria, martxan

Maider Betelu Ganboa 2024ko urt. 22a, 10:30

Josu Etxeberria Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko txirrindularia da, baina lesio larriez ari da osatzen. Taldeko aurkezpenean egon zen. RURAL KUTXA

2024 denboraldian tropel profesionalean lau txirrindulari sakandar izango dira, eta afizionatuetan bederatzi txirrindulari sakandar. Guztiak denboraldi berria behar bezala prestatzen ari dira eta hasteko prest daude

Australiako Tour Down Under lasterketak 2024ko txirrindularitza denboraldi profesionala mustu du. Txirrindularitza taldeek prest dituzte denboraldi berriko eskuadrak eta talde gehienak kontzentrazioak egin dituzte. Mediterraneoa txirrindularien bilgune izaten ari da. 2024 denboraldia aldaketekin dator Sakanan. 

Profesional sakandarrak
Imanol Erbitik txirrindularitza utzi du, eta Gorka Izagirre bere anaia Ionekin Cofidis talde frantziarrera joan denez, urte askoren ondoren Movistar Team taldean ez dugu sakandarrik izango. Izagirrek Ormaiztegiko Ziklo-krosa irabazten mustu zuen Cofidisen maillot berria, eta denboraldi berrirako "oso gogotsu" dago. Aurrerapauso nabarmena eman duen txirrindularia Igor Arrieta da. Uharte arakildarrak bigarren mailako Kern Pharma UCI Pro Tour talde profesionaletik UCI World Tourrera egin du salto, maila gorenera, Tadej Pogacar lider duen UAE Emirates taldera. Ilusioz gainezka dago datorrenarekin, eta Castelloneko Klasikoa izan da bere lehen proba.

Iker Mintegi izango da profesionaletan mustuko den sakandar bakarra. Afizionatuen Laboral Kutxatik Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen Pro Tour mailako Euskaltel Euskadira egin du salto altsasuarrak. Berriki Altean egon da kontzentratuta, eta Mallorcako Challengean debutatu du. Kategoria berbereko Rural Kutxa-Sguros RGA taldeak asteazkenean egin zuen aurkezpena Iruñean. Etxarri Aranatzen bizi den Mulu Hailemichael etiopiarrak bertan segitzen du, eta baita Josu Etxeberriak ere. Etxeberriak istripu larria izan zuen entrenatzen ari zela auto batek jo zuenean, eta iturmendiarrak errehabilitzio lan handia du aurretik. Hala ere, aurkezpen ekitaldian egon nahi izan zuen. 

Afizionatuen dantza
Tropel amateur edo profesionalean txirrindularien dantza egon da baita ere. Aimar Tadeo lakuntzarrak Finisher taldean jarraituko du bigarren urtez. Rural Kutxa-Alea talde afizionatuan, Mikel Uncilla etxarriarrak bigarren urtez segiko du, eta Martxel Etxeberriak hirugarren denboraldia egingo du. Jon Erdozia etxarriarrak, aldiz, txirrindularitza uztea erabaki du, eta aizkoran murgildu da. 

Laboral Kutxan mugimendu handia egon da. Taldekide berria izango dute, Sakana Group-Aleatik afizionatuetara igo den Adrian Martinez lakuntzarra. Aldiz, Laboral Kutxan bost denboraldi egin dituen Ailetz Lasak ez du bertan tokirik, eta talde berria izango du aurten, Telcom. Ziordiarra oso gogotsu dago.  

Gomur Cantabria Infinita taldean zebilen Jon Gil lakuntzarrak egitasmo berria du. Taldez aldatu du, eta Galiziako Supermercados Froiz taldeko kide berria izango da. "Oso ongi zaintzen naute eta pozik nago, denboraldi berria hasteko gogotsu". 

Hostal Latorre Ederlan taldean jarraituko du, bestalde, Aitor Ondarra lakuntzarrak. Taldekide sakandar berria izango du aurten, Quesos Albeniz Burunda klubetik afizionatuen mailara igo den Iker Agudelo altsasuarra. 

Azkenik, joan zen urtean Qoda Ciclismo Riojano taldean zebiltzan Ander Villalobos altsasuarrak eta Andoni Ocaña urdiaindarrak txirrindularitza utzi dute. 

Nahia Imaz, negoziaketetan
Nahia Imaz altsasuarrak Sopela Women taldearekin mustu zuen maila amateurra joan zen urtean. Tamalez, taldea desagertu eta talderik gabe geratu zen Imaz. Beste talderen batekin dago harremanetan, eta aurki emango du bere talde berriaren berri.