Sakanako Mankomunitateko Kirol, Berdintasun, Euskara eta Kulturartekotasun Zerbitzuek Emakumeak Kirolean Lagun Topaketak antolatu dituzte. Lau kirol topaketa edo ekitaldi dira, Sakanako emakumeak bildu, kirolaren bitartez ongi pasatu eta elkarren arteko harremana bulkatzeko helburuarekin antolatutakoak. "Emakumeak kirola egitera animatu nahi ditugu, kirol ezberdinak probatu ditzaten. Aldi berean, Sakanako emakumeak bildu nahi ditugu, euren aniztasunean elkartuz eta bat eginez, bide batez, euskarara pixkanaka hurbil daitezen. Kirola bide aproposa da horretarako" azaldu zuen Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak ekimen berriaren aurkezpenean.
Euren interesak erantzunez
Azaroaren 5ean Sakanako Mankomunitateak emakumeei zuzendutako Padel Ate Irekien jardunaldia izan zen topaketa hauen abiapuntua. "Bertan parte hartu zuten emakumeei zer nolako interesak zituzten galdetu genien, eta euren proposamenak jasota antolatu ditugu topaketa hauek" gaineratu zuen Izaskun Errazkin euskara teknikariak.
Lau jardunaldiak
Horrela, lau jardunaldi prestatu dira apirilaren 21era bitartean. Lehena ilbeltzaren 28an Arbizuko Sakana Padelen antolatutako padel topaketa izango da. Otsailaren 25ean areto futbolaren txanda izango da, Olaztin, eta martxoaren 10ean Sakanan antolatutako Lilasterketarekin bat egitea proposatuko zaie emakumeei. Azkenik, apirilaren 21ean mendi irteera egingo dute, Etxarri Aranaztik. Topaketa guztiak 10:30ean hasi eta 13:00ak arte luzatuko dira. Izena ematea jarduera egunaren aurreko asteazkena baino lehen egin beharko da Sakanako Mankomunitatean, edo Mank-eko Kirol Zerbitzuko eta Kulturartekotasun Zerbitzuko posta elektronikoen edo telefonoen bidez. Ekimena doakoa da.
Taxia eta zaintza
Hala behar dutenendako taxi zerbitzua eta haurren zaintza zerbitzua egonen da. "Azaroan antolatu genuen Padel Ate Irekietan taxi zerbitzua erabili behar izan zen, eta horregatik garrantzitsua iruditu zaigu atzera ere zerbitzu hau eskaini ahal izatea" nabarmendu zuen Bego Zestau Kulturartekotasun teknikariak. Halaber, ekimenak Sakanako hainbat herritan egin nahi izan dituzte, "Sakanan zehar ekimenak eskaintze aldera" gaineratu du Zestauk.
Topaketak bukatuta, balorazioa egingo dute eta orduan erabakiko dute udazkenean ekimenarekin jarraitzen duten eta zein topaketa antolatzen dituzten.
Lehen topaketa ilbeltzaren 28an denez, padel topaketa (Sakana Padel, Arbizu), ilbeltzaren 24ra arteko epea dago izena emateko. "Izena ematen duten emakumeen arabera bi pistak hartuko ditugu pistak". Ekimenarekin gogotsu daude teknikariak. "Kirola izan dadila emakumeak elkartzeko elementua, hurbilgunea".
Hizkuntza eta kulturarteko bitartekari berria
Mankomunitateko Kulturartekotasun Zerbitzuan Bego Zestau teknikariarekin batera Rabeb Ridenek egingo du lan, hizkuntza eta kulturartekotasun bitartekari gisa. Ridenek arabiera, frantsesa, euskara eta gaztelania menderatzen ditu, eta bere egiteko nagusia Sakanara etortzen dien familia berriei harrera egitea, eta haiek egin beharreko burokrazia kontuetan laguntzea izango da, itzulpen eta itzultzaile lanak egiten.