Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia ilbeltzaren 18an, osteguna, hasi zen, Mungian. Elordik eta Rezustak Peio Etxeberria eta Zabaleta izan zituzten aurkari. Azken partidak galdu eta gero, untu behar handiarekin zeuden Elordi eta Rezusta. Aldiz, Peio Etxeberriak eta Zabaletak beste puntu bat gehitu nahi zuten zakura, bigarren postua sendotzeko.
Elordi eta Rezusta izan ziren gehiago, hasieratik. Zabaletak gustuko du Mungiako pilotalekua, baina ez zion behar beste etekinik atera, Rezusta oso ongi aritu zelako, bera bezainbeste. Aurreko koadroetan, aldiz, Elordi Peio Etxeberria baino finagoa izan zen. Elordi eta Rezusta aldea ateratzen hasi ziren (12-5, 14-9...) baina Etxeberriak eta Zabaletak ez zuten etsi eta partida izugarri gogortu zen. Tanto gogorrak izan ziren hurrengoak, baina Elordik tantoak bukatzen erraztasun gehiago izan zuen eta, azkenean, 22 eta 16 irabazi zuten.
Peiok eta Etxeberriak sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute (7 puntu) eta Elordik eta Rezustak euren bosgarren puntua lortu dute, borroka bete-betean sartu dituena.
Binakakoak Tolosan du emozio gehien
Binakako Txapelketa puri-purian dago. Hamargarren jardunaldiaren barruan igandean Ezkurdia-Tolosak eta Altuna-Martijak Tolosan jokatuko duten partidak ikusmin handia sortu du, lehenek 3 puntu eta bigarrenek 4 baitituzte. Jokoan dagoen puntua, beraz, ezinbestekoa da bizirauteko.