Erregional mailan hamabosgarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Etxarri Aranatzek Liceo Monjardin izan zuen aurkari Sanduzelain. Lehen zatian Mattin Altzelaik Etxarri aurreratu zuen, eta abantaila horrekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Etxarrik agintzen jarraitu zuen, eta Jon Erdoziak eta Mikel Urrestarazuk diana egin ondoren, 0 eta 3 irabazita bueltatu zen Etxarri.
Aldiz, Lakuntzako Lagun Arteak Rotxapea B taldea izan zuen aurkari Iruñean. Lakuntzarrak aurreratu ziren, Borja Ganboak sartutako golari esker, baina Rotxapearen erantzuna sekulakoa izan zen, 3 eta 1 aurreratu baitzen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian lehia bizian jarraitu zuten bi taldeek, eta partida bukatzear zegoenean Rotxapeak laugarren gola sartu zuen, eta Iker Anduezak Lagun Artearen bigarrena. 4 eta 2 galduta itzuli ziren lakuntzarrak.
Mutilbera C taldeak jarraitzen du lider (36 puntu) eta Etxarri Aranatzek bigarren postuan jarraitzen du (32 puntu). Lagun Artea seigarrena da (22 puntu). Ilbeltzaren 27an, larunbata, sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Kirol Sport izango du aurkari Lagun Arteak, 18:15ean. Egun berean, bere atzetik hirugarren den Lagunak B taldearen kontra jokatuko du Etxarri Aranatzek, 18:30ean, Barañainen.