Txirrindularitza

Iker Mintegiri “zorterik onena” opa dio Jorge Azanzak

Guaixe 2024ko urt. 24a, 11:00

Txirrindulari altsasuarra kategoria berria mustutzeko gogotsu dago. EUSKALTEL EUSKADI

Txirrindulari altsasuarrak gaur, ilbeltzak 24, debutatuko du profesionaletan, Mallorcako Challengeko Calvià Trofeoan

Mallorcako Challengean gaur, ilbeltzak 24, Calvià Trofeoa jokatuko da. Euskaltel-Euskadik bertan parte hartuko duen zazpikotearen berri eman du, eta Iker Mintegi altsasuarra dago aukeratutakoen artean. Calvià Trofeoa profesionalen mailako bere lehendabiziko proba izango da. 150 kilometroko lasterketa gorabeheratsua da, bost portu dituena. 

Euskaltel-Euskadik azaldu duenez, igotzaile altsasuarrak Mallorcan jokatuko diren bost probetatik lau lehiatuko ditu. Talde laranjako Jorge Azanza zuzendari altsasuarrak sare sozialetan azaldu duenez, “ilusio berezia pizten du zure herriko gazte batek, eskola mailatik jarraitzen diozunak, zure talde berean saltoa egitea”. Jakina, “zorterik onena” opa dio. 

Igor Arrieta, Challengean
UAE Emirates taldearekin Mallorcako Challengean arituko den beste txirrindulari sakandarra Igor Arrieta izango da. Uharte arakildarrak asteburuan debutatu zuen bere talde berriarekin.