Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza berrituta

Guaixe 2024ko urt. 31a, 09:31
Utzubar EKO Gunea. ARTXIBOA

Aurrekoa onartu zenetik legedia berritu da eta baliabideak ere aldatu dira.

Sakanako Mankomunitateak hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza berria joan zen urte akaberan sartu zen indarrean. "Aurretik zegoena eguneratu beharra zegoen, legedia aldatu delako", azaldu du Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko teknikari Olatz Garde Mazkiaranek. Izan ere, Nafarroako Hondakinen Plana onetsi zen 2016ko abenduan. Horretaz aparte, Europar Batasuneko 2018ko Hondakinen Esparru Zuzentaraua 2022an onartutako lege baten bidez sartu zen estatuko lege ordenamenduan. "Horregatik eskatu ziguten ordenantza berrikustea, baina berez ez da asko aldatu, orrazketa bat izan da", azaldu du Gardek. Legedia eguneratzean, besteak beste, ordenantzako isunen atala ere estatuaren legera egokitu behar izan du Sakanako Mankomunitateak. 

Bestalde, onartutako ordenantza berrian ere kontuan izan dituzte dauden baliabide berriak edota bilketa bereziak ere. Haietako batzuk ordenantza fiskalean jasoak zeuden, baina ez hondakinen ordenantza. Gardek adibide gisa jarri ditu bilketa bereziak, Irati pelikula filmatzerakoan egin zena edo Urbasako rallykoa. 


Hondakin Zerbitzuko langilea bilketako kamioia garbitzen. ARTXIBOA

Ordenantza hori onartzearekin batera, Sakanako Mankomunitateak garbiguneak arautzen dituen ordenantza onartu zuen. "Ez zegoen halakorik eta garbiguneak arautzeko beharra ikusi genuen", argitu du Gardek. Gogorarazi duenez, Arbizun eta Altsasun daude garbiguneak, eta adierazi duenez, aurten Irurtzunen eginen da. Horretaz aparte, garbigune mugikorra dago. Zerbitzu publiko horien barne funtzionamendua eta erabilera publikoa arautu ditu orain ibarreko erakundeak. Ordenantzatik kanpo gelditu da Ziordiko garbigunea.