Pilota

Binakako Txapelketak, saltsa handia

Guaixe 2024ko urt. 26a, 12:00

Martija eta Altuna, bosgarren garaipenarekin pozik.

Jaka-Mariezkurrenaren eta P.Etxeberria-Zabaletaren estropezuak sailkapena estutu du, eta ez da emoziorik falta. P.Etxeberria-Zabaletak eta Altuna-Martijak euren egoera sendotu nahi dute, eta Ezkurdia-Tolosak arrisku gunetik atera

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako hamaikagarren jardunaldia jokatuko da asteburuan, eta oraindik asko dago erabakitzeko. Sailkapeneko lehen bi bikoteek, Jaka-Mariezkurrenak eta Peio Etxeberria-Zabaletak, hamargarren jardunaldian galdu egin zuten, eta estropezu horrek saltsa gehiago jarri dio berez zoroa den txapelketari; sailkapena oraindik zabal-zabalik dago, alternatibekin. Beraz, geratzen diren lau jardunaldietan edozer gerta daiteke. 

Sailkapena oso estu dago. Jaka-Mariezkurrenak jarraitzen dute lider (8 puntu), Peio Etxeberria-Zabaletaren (7 puntu) eta Artola-Imazen (6 puntu) aurretik. Altuna-Martijak eta Elordi-Rezustak bosna puntu dituzte, Peña-Albisuk 4 puntu, Ezkurdia-tolosak 3 puntu, eta Laso-Arangurenek 2 puntu. 

Txanponaren bi aldeak
Ezkurdiak eta Tolosak kolpe latza jaso zuten Eibarren, Altunaren eta Martijaren kontra 13 eta 22 galdu eta gero. Hasieran parez-pare ibili ziren bi bikoak, oso orekatuta (7 eta 7, 8 eta 9). Martijak indartsu jotzen zuen, baina Tolosak ongi eusten zion, itxura ona emanaz. Eta berbera aurreko koadroetan. Jokaldi polemikoan, Tolosaren pilotakada batek txapa jo zuela erabaki zuen epaileak, Anoetako atzelariaren haserrea piztuz, berarendako ez baitzen hala. 8 eta 11koak zeharo aldatu zuen partida. Tolosa ez zen pilotari berbera izan, eta Altunaren eta Martijaren nagusitasuna areagotu egin zen, partida apurtzeraino. 0-9ko partzialarekin, 8 eta 18ra joan ziren. Martijak piloteoan dominatu zuen, eta Altunak hobeki bukatu zituen tantoak Ezkurdiak baino. Bigarren txanpa horretan, Ezkurdiak eta Tolosak behera egin zuten eta Getarian erakutsitako mailatik urrun geratu ziren. 

Gauzak horrela, Altunak eta Martijak pauso oso garrantzitsua eman dute play-offetan sartzeko. Bosgarren puntua bildu dute, eta tanteoa irabazi. Aldiz, Ezkurdia eta Tolosa larrialdian daude berriro, 3 punturekin, puntu falta ikaragarriarekin. 

Erabakigarria
Altunak eta Martijak Laso eta Arangurenen ordez arituko den Urrutikoetxea izango dituzte aurkari ilbeltzaren 27an Bilbon. Euren seigarren garaipena lortu nahi dute lehenek, eta beheko putzutik ateratzea, berriz, bigarrenek.

Egun berean Labritek sailkapeneko bi buruen arteko lehia hartuko du. Jakak eta Mariezkurrenaren tokia hartuko duen Eskirozek Peio Etxeberria eta Zabaleta dituzte aurrez-aurre. Nahiz eta torneoko bi jotzaile nagusienen arteko lehia galdu, Mariezkurrenak eskuin eskuan arazoak dituelako, goi mailako partida espero da, lidergoa eta goiko postuetan ongi eustea dagoelako jokoan.

Ezkurdiak eta Tolosak ilbeltzaren 28an, igandea, jokatuko dute, Beotibarren, azken sei jardunaldietan bost garaipen lortu dituzten Artolaren eta Imazen kontra. Bi bikotek nahi dute jokoan dagoen puntua: Ezkurdiak eta Tolosak, aukerak izaten jarraitzeko ezinbestekoa dutelako, eta Artolak eta Imazek, zazpigarrena lortu eta finalerdietarako txartela zuzenean lortzeko borrokan bete-betean sartzeko.