Astekaria

Aizkolari belaunaldi berria

Maider Betelu Ganboa 2024ko urt. 31a, 13:27

Aritz Oiarbide, Jon Erdozia, Amets Aristizabal, Oier Mitxelena eta joan Goikoetxea, Guaixeko erredakzioan.

Sakana Aizkora Eskolan trebatutako Aritz Oiarbide, Jon Erdozia, Oier Mitxelena, Amets Aristizabal eta Joan Goikoetxea gazteek erakustaldietatik txapelketetara egin dute salto. Urrezko Aizkolarien Banakako Gazte Kopan murgilduta daude

Aizkorak eta harri jasotzeak urrezko loraldia bizi dute. Urte askotan aurpegi berberak ikustera ohituta geunden, baina azken bi urteetan plazetan aurpegi berri asko ikusten dira, bai gizonak eta baita emakumezkoak ere. Tartean, aizkolari sakandarrak bere tokia egiten ari dira, Sakanako Aizkora Eskolak urte luzez egindako lanak fruitua eman duenaren erakusle. 

Aritz Oiarbide Erdozia, Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso, Amets Aristizabal Vicente, Oier Mitxelena Mazkiaran eta Joan Goikoetxea Agirre dira Sakanako Aizkora Eskolan trebatu, eta Sakanako Herri Kirol Egunetako eta Sakanako festetako plazako erakustaldietatik Nafarroako Federazioko Txapelketetara eta Egur Sport enpresak antolatzen dituen Urrezko Aizkolarien Txapelketetara saltoa eman duten gazte sakandarrak. Erdoziak 20 urte ditu eta helduena da, eta gainontzekoek 18 eta 17 urte dituzte.

Aritz Oiarbide eta Jon Erdozia Etxarri Aranazko erdoziatarren sendikoak dira, aizkorari lotutako familiako kimu berriak. “Haurrak ginenean hasi ginen aizkoran, 5 urte genituenean, aittunerekin eta aittakin. Egurrezko aizkorarekin berehala hasi ginen jolasten. Betidanik ibili gara aizkoraren munduan” azaldu du Jon Erdoziak. Juanito da beraren eta Aritz Oiarbideren aitona, urte mordoxka Sakanako Aizkora Eskolaren ardura duena, Jonen aita den Juanjo semearekin batera.

Amets Aristizabal urdiaindarra 10-11 urte zituela hasi zen Sakanako Aizkora Eskolan, “aizkora txikitatik gustuko” zuelako. Joan Goikoetxea etxarriarra ere adin berberarekin hasi zen trebatzen. “Aizkora gustuko nuen, eta aitak animatuta hasi nintzen Sakanako Aizkora Eskolan”. Oier Mitxelena altsasuarra duela hiru urte hasi zen Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen, “fundamentuz, joan zen urtetik”. 

Gazte sakandarrek lehiaketara egin dute salto: Nafarroako Txapelketak, eta Urrezko Aizkorakoak

Txirrindularitza eta aizkora
Aritz Oiarbide eta Jon Erdozia txirrindularitza mundutik datoz. Sakana Group-Aralar taldean ibili ziren biak. Jon Erdoziak afizionatu mailara egin zuen salto Rural Kutxa-Alea talde sakandarrean, baina 2023an, bigarren denboraldia hastera zihoala, utzi egin zuen. “Bigarren denboraldiko talde aurkezpena baino egun bat lehenago deitu nien utziko nuela esateko. Psikologoak deitu zidan, ongi pentsatzeko, baina ezetz erantzun nion. Izan ere, txirrindularitzan bakarrik horretara egon beharra duzu. Izugarri lotzen zaitu. Polita da, eta gauzak ongi ateratzen bazaizkizu satisfazio handia ematen duen kirola da, baina bizitza horretara mugatzen duzu. Astebururo lasterketak daude, zaindu beharra duzu, ezin duzu nahi duzuna jan... Urte asko neramatzan txirrindularitzan, eta beste gauza batzuk egin nahi nituen. Eta honaino, esan nuen. Orain beste gauza batzuetarako tartea dut, ez bakarrik aizkoran aritzeko" dio Erdoziak. 2023 urtean hasi zen aizkora txapelketetan parte hartzen. "Ordura arte erakustaldiren batean atera nintzen plazara, baina txapelketetan 2023an hasi nintzen” aipatu du.

Aritz Oiarbide lehengusuak joan zen urtean bukatu zuen txirrindularitzako juniorren maila, eta ez zuen bizikleta gainean jarraitu. Aurretik txirrindularitza eta aizkora tartekatzen zituen, eta bizikleta utzi zuenetik aizkoran ari da buru-belarri.  

Kortea ongi eraman
Aizkoran ikastea ez dela zaila diote. Teknika kontua omen da, eta orduak sartzea. "Aittunek esaten zigun lehena aizkorarekin ongi jotzen ikastea dela, eta ondoren abiadura bakarrik etorriko dela" dio Oiarbidek. "Hasieran aizkoran dakien batek kortea zabaltzen dizu eta zulo antzeko bat bezala uzten du. Eta bertan aizkora moztearen mugimendu hori ikastea da kontua, segurtasuna hartzea. Lehendabiziko egunetik ezin zara kortea zabaltzen hasi, aizkorak ihes egin ahal dizulako" gaineratzen du Erdoziak. "Kortea ongi eramatea, hori da zailena" uste du Aristizabalek. "Bai, alde batekin eta bestearekin bat egitea. Bestela denbora pila bat galtzen da, buelta eta buelta" dio Oiarbidek. "Kortea ongi eramaten ez baduzu, gurutzatzen da, eta gaizki" Goikoetxeak. Adarra ateratzearena, aldiz, "askotan gertatzen da". 

Erakustaldietatik txapelketetara
Boskoteak Sakanako Herri Kirol Egunean eta Sakanako herrietako festa eta ekitaldietan parte hartzen zuen hasieran, Sakanako Aizkora Eskolako gainontzeko kideekin. Baita gaur egun ere, baina erakustaldietatik txapelketetara aurkezteko saltoa egin zuen. "16 urterekin Nafarroako edo Euskadiko Aizkora Txapelketetan aurkeztu daiteke. Hirugarren maila da baxuena, eta izena ematen duzun lehen aldian kategoria horretan hasten zara lehian. Ni Nafarroako Aizkora Txapelketako hirugarren mailan hasi nintzen, 16 urte nituela" dio Aritz Oiarbidek. 17 urterekin Nafarroako hirugarren mailatik bigarren mailara igo zen, eta 18 urterekin, 2023an, bigarren mailako kanporaketa jokatu zuen; ez zuenez igotzea lortu, aurten bigarren mailan jarraituko du. "Bigarren mailako kategoriari eustea, hori zen helburua joan zen urtean, aldi berean txirrindularitzan bainengoen, juniorren azken urtean. Beraz, kontentu  nago". Jon Erdoziak 2023an hirugarren mailatik bigarren mailara igotzea lortu zuen, eta aurten bigarren mailan lehiatuko da, lehengusuarekin. 

Joan Goikoetxea Aritzekin batera aurkeztu zen hirugarren mailako Nafarroako Txapelketara, 16 urte zituela, eta kategoria horretan segitzen du. "Joan zen denboraldian belaunean lesionatuta ibili nintzen; ea aurten hobeki aritzen garen". Amets Aristizabal ere 16 urterekin aurkeztu zen Nafarroako hirugarren mailara, eta bertan segitzen du. Eta Oier Mitxelena 2023an aurkeztu zen lehenengoz Nafarroako Txapelketan, hirugarren mailan, eta kategoria horretan segitzen du. 

Euskadiko Txapelketan ere kategoria mailakatze berbera dago. Izena emanez gero, hirugarren mailan hasi behar da lehiatzen. Baina Sakanako boskoteak orain arte ez du bertan izena eman. "Bere garaian federaziotik atera eta Sherpa taldea sortu zutenak, Iker Vicente buru zela, gutxika federaziora itzuli dira. Hirugarren mailan hasi behar izan zuten guztiek, eta gertatzen ari dena da goi maila duten aizkolariak maila baxuagoa dutenekin lehiatzen ari direla, eta, jakina, eurak ari direla mailaz igotzen. Beraz, guk oso zaila izango genuke aizkolari handi horien parean. Guk igotzeko aukera izateraino... Pentsa, aurten hirugarren mailatik Txikia eta Larrañaga igo dira bigarrenera" dio Aritz Oiarbidek. "Hemendik lau urtetara, bakoitza bere lekuan eta mailan egongo da" gaineratu du.

Binakako Urrezko Gazte Kopan txapeldunordeak izan ziren Oiarbide eta Erdozia

Binakakoan, txapeldunorde
2023an Egur Sport enpresak antolatzen dituen Urrezko Aizkolarien Txapelketetan parte hartzen hasi ziren Erdozia, Oiarbide, Aristizabal eta Mitxelena, Binakako Urrezko Gazte Kopan. Aritz Oiarbidek eta Jon Erdozia lehengusuek bikotea osatu zuten eta Oier Mitxelenaren bikotea Kimetz Oñederra "Aittola" zen. Amets Aristizabalek Aritz Oiarbide ordezkatu zuen lehen jardunaldian, etxarriarrari anginetan ebakuntza egin ziotelako. "Gutxi entrenatuta joan nintzen Binakako Kopara" dio Ametsek. Izan ere, astebete lehenago esan zioten ea Oiarbide ordezkatu ahal zuen. "Bi egunez entrenatu genuen, eta lehenengo egunean nabaritzen zitzaion entrenatu gabe zegoela, baina bigarren egunean askoz hobeki ibili zen. Eta plazan, nahiko ongi aritu zen" erantzuten dio Erdoziak. Etxarri Aranazko bikotea abenduaren 31n Asteasun jokatutako final Binakako Urrezko Gazte Koparako sailkatu zen, tartean Mitxelena eta Aittola bidean utzita. "Kanporaketa itxurazkoa egin genuen, eta ez gara kexatuko. " dio Mitxelenak.  

Oiarbidek eta Erdoziak txapelketa ederra egin zuten. Abenduaren 31n Asteasun jokatutako Binakako Urrezko Gazte Kopako finalean txapela gertu izan zuten, baina 45 ontzako lau enborrak 8:23 minututan erdibitu zituzten; Igoin Pikabea eta Unai Etxeberria "Osinaldek", aldiz, 7:50ean. Lehendabiziko enborrean aizkora hautsi zitzaien, eta enbor barruan geratu zen iltzatuta. "Indar gehiegi edo, eta lehendabiziko kortean aizkora ziskos! Horren gertu egonda pena da txapela irabazi ez izana. Irabaztea polita litzateke, horren egun berezian gainera, urtezaharrean. Dena den, aizkorarena ez da aitzakia, beraiek gu baino gehiago izan ziren. Eta guk berdin-berdin ospatu genuen" diote bi lehengusuek, irribarrez.

Banakako Urrezko Kopa
Orain Banakako Urrezko Kopan murgilduta daude. Ilbeltzaren 7an lehen kanporaketan Amets Aristizabalek eta Jon Erdoziak parte hartu zuten, Jokin Larrietarekin eta Ibai Emaldirekin. Erdozia onena izan zen eta finalerdietarako sailkatu zen (3:34), baina Aristizabal laugarren sailkatu zen (6:00) eta bidean geratu zen. "Atzera ere gutxi entrenatuta joan nintzen, egia esan, eta gaizki. Ea martxoan Sakanako Aizkora Eskolan hasten naizenean gehiago entrenatzen dudan". Oier Mitxelena ere finalerdietarako sailkatu da, ilbeltzaren 14an Leitzan jokatutako kanporaketan bigarren sailkatu ondoren (4:13), Unai Etxeberria "Osinalde"-ren atzetik (3:25). Aritz Oiarbide otsailaren 4an sartuko da lehian, Beasainen. 

Aizkoran eta harri jasotzean gazte asko hasi dira lehian; aurpegi berriak daude

Aurten aizkora erakustaldi eta txapelketetan jarraitzeko asmotan da boskotea. "Serioago hasi beharko dugu entrenatzen. Aizkora mozketan aritzeaz aparte, beste entrenamenduekin ere hasi beharko dugu: korrika, mendira joan, indar ariketak egin... Aizkoran ongi ibiltzeko fondo ona behar baita. Ni joan zen urtean, txirrindulari ibiltzen nintzela, fondo handiagoa nuen aizkoran. Aurten, errazago betetzen naiz. Fondoa landu beharra dugu, eta hori aizkorarekin bakarrik ezin da, beste kirol batzuk behar dira" dio Aritz Oiarbidek. "Hemendik beste puntara bitarteko enbor ilara luze bat eskura izango bagenu beti, ordu bat lasai-lasai gelditu gabe aritzeko, aizkorarekin fondoa landuko genuke. Baina ez dago horrenbesterako egurra. Aurreko egunean aittunek entrenamendu baterako egurra prestatu zigun, berak esandakoa baino bi enbor gehiago erdibitu genituen eta errieta egin zigun, ea zer pentsatzen dugun, ea denondako halako egur kopurua dagoen esanez. Egurrarekin kontua izan behar da, ez baitago ere egurra birri-barra edonola entrenatzeko" dio Erdoziak.

Aizkoran entrenatzeko egurra prestatzea izaten da aizkolarien burukominetako bat. Ezin da egurra mendian nonahi hartu, nahiz eta haizearengatik edo ekaitzengatik basoan botata egon. Baimenak eskatu behar dira, markatuta daudenak jaso... oso araututa dago, eta ez da erraza. 

Aurpegi berriak
Azkenaldian gazte asko hasi dira aizkoran eta harri jasotzean. Belaunaldi aldaketa. Aurpegi berriak daude. "Attunek ere esaten du mugimendu gehiago ikusten dela, jende berria" nabarmendu du Oiarbidek. "Bai, eta jende asko doa txapelketak eta apustuak ikustera, frontoiak topera daude. Gehienbat Gipuzkoako jendea da; han zaletasun gehiago dago, hemen baino askoz ere handiago" dio Goikoetxeak. Iker Vicentek jarraitzen du aizkolarien artean gorenean, baina Larrañaga eta Txikia indartsu datoz. 

Belaunaldi berritze horretan, zerikusi handia du Sakanako Aizkora Eskolak. "Gu biok eskolara aitonari eta aitari laguntzera joaten gara, horrenbeste jendek izena ematen duenez... Eskola ikasteko da, eta guk badakigu mozten" dio Erdoziak. "Txikiak aizkoran ikusteak ilusio handia sortzen dio aittuneri. Aizkora sustatzeagatik jarraitzen du eskolan". 

Mitxelena, sega eta aizkora
Oier Mitxelenak aizkora eta sega partekatzen ditu, bere aita Bixente Mitxelena segalariaren bidea ere jarraituz. Zer nahiago duen galdetuta, bien alde egiten du. "Neguan aizkora, baina udan biak" dio irribarrez. 2023an Euskadiko Gazte Mailako Sega txapelduna izan zen Mitxelena, eta udan Europako Sega Txapelketan parte hartu zuen, Eslovenian, Almitza elkarteko kideekin, tartean aita. Banakako proban, 100 metro karratu ahalik eta azkarren moztea zen erronka. Puska batetik bestera ezberdintasun handia zegoela azaldu du altsasuarrak. "Eremu batzuetan putzu pila zeuden. Nirean ez zegoen putzurik, baina ez zegoen guztiz ongi. 80 segalari inguru ginen, partaide asko, eta erdialdean sailkatu nintzen".