Etxepare Sariketaren edizio berria martxan da

Guaixe 2024ko urt. 29a, 10:35

Haurrendako ipuin ilustratuak sortzeko lehiaketara lanak aurkezteko epea maiatzaren 10ean, ostirala, da. Aurreko urteko edizioaren saria hutsik gelditu zen. Nafarroako 22 toki entitatetako euskara zerbitzuek antolatzen dute saria.

Haurrendako album ilustratuak sortzea da Etxepare Sariaren xede nagusia. Album ilustratutzat hartzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak eta 2023ko sariketa martxan jarri dute dagoeneko; parte hartzaileek maiatzaren 10era arte dute lanak aurkezteko epea. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 28a izango da. Nafarroako 22 toki entitatetako euskara zerbitzuek antolatzen dute, tartean Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak. Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazkenean, eta lehiaketaren saria 5.000 eurokoa da, egile eskubideen aurrerapen moduan. 2023ko edizioa hutsik gelditu zen, eta 2022an Kiratsa album ilustratuak irabazi zuen. 

Maiazaren 10era arte aurkez daitezkek lanak album ilustratuak sortzeko lehiaketara

Bakarka, hau da testua eta ilustrazioa sortzaile batek eginda, edo binaka, idazle eta ilustratzailea osatutako taldean, parte har dezakete sortzaileek Etxepare Sarian. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Lehiaketan ez dira onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere. Sariketan azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dituzte ere, nahiz eta beste baldintzak bete. 

Formatuari dagokionez, librea da, baina gehienez ere 20 zentimetroko zabalera eta 21 zentimetroko altuera baino txikiagoak izanen dira lanak, eta gutxienez hamabost orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko, zuriuneak barne, eta gehienez 32 orrialdeko luzera izanen dute. 

Lehiaketan parte hartzen dutenek albumaren maketa fisikoa zein digitala aurkeztu behar dute etxeparesaria.eus webgunearen bidez. Fitxategiek hogei mega baino gehiago ez izatea aholkatzen dute. Lanak izengoitiaz izenpeturik egonen dira, eta egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete, posta arrunt bidez; horrela bada, lanarekin batera gutunazal itxi bat aurkeztu beharko dute, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango dituena eta barruan egilea edo egileen datuak agertu beharko dira. Etxepare Saria, Leitzako udaletxea, Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880, Leitza helbidera bidali beharko dute. 

Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Antolatzaileetako teknikari batek idazkari lanak eginen ditu. Pamielak izendatutako pertsonak egon daitezke epaimahaiak egiten dituen bilkuretan, eta hitza izanen dute, baina ez botorik. 

Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez balute, ez da saririk emanen, eta haren erabakia apelaezina izanen da. 2023ko Etxepare Saria, hain zuzen, eman gabe gelditu zen, epaimahaiaren iritziz, "proposamen estetiko batzuk benetan goraipatzekoak ziren eta zenbait argumentu literarioki ongi garatuak izan dira, baina iruditu zaigu ez dela gertatu bi osagai horien arteko oreka, ez dela gauzatu aurreko edizioetan nabarmendutako bikaintasuna, horixe baita album baten espiritua, esentzia eta finezia". 

Album ilustratuak sortzen trebatzeko Galtzagorri elkarteak BikoTeka tailerra antolatzen du, Iruñeko Udalarekin batera. Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak gidatzen dute ikastaroa. Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra egingo dute, Iruñeko Kondestable jauregian. Bertan ilustratzaile bat eta idazle bat elkartzen dituzte eta album ilustratu bat sortzeko laguntza eta aholkularitza jasotzen dituzte. Etxepare Sariko hainbat irabazle tailerretik ateratakoak dira.