Binakako Txapelketako hamaikagarren jardunaldia oso gazia izan da pilotari sakandarrendako. Aldiz, oso gozoa Baiko enpresarendako, jokatutako lau partidak irabazi baitituzte, Baikok orain arte sekula lortu ez duen “pleno” bat.
Peio Etxeberriak eta Zabaletak 22 eta 10 galdu zuten Jakaren eta Mariezkurrenaren ordez aritu zen Eskirozen kontra. Zabaletak sastada nabaritu zuen eskuin izterrean 9 eta 6 galtzen ari zirela, eta horren ondotik ondoezik jokatu zuen, minez, eta beste pilotari bat izan zen, akabo bere nagusitasuna. Nahasmen horretan Jakak eta Eskirozek etekina atera zuten eta garaipena lortu. Ikusteko dago Zabaletaren lesioaren larritasuna nolakoa den.
Altunak eta Martijak ere gutxigatik, baina galdu egin zuten Laso eta Aranguren ordezkatu zuen Urrutikoetxearen kontra, 20 eta 22, Bilbon jokatutako partida izugarri gogorrean. Ia bi ordu iraun zuen partidak, eta ia mila pilotakada gurutzatu ziren. Izugarria. Lau pilotariak primeran aritu ziren eta, azkenean, balantza Baikokoen aldera erori zen. Altunari pilota bat ezker eskuan sartu zitzaion, eta hortik aurrera partida kalbario hutsa izan zen amezketarrarendako; ezker eskua txikituta bukatu zuen Altunak, ikusi beharko da zein garapen duen.
Eta Ezkurdiak eta Tolosak jipoi ederra jaso zuten igandean Tolosan, Artolaren eta Imazen kontra 11 eta 22 galduta. Baikokoak Asegarcekoak baino askoz hobeagoak izan ziren bai aurrean eta baita atzean ere, eta bukaeran jota azaldu zen Joseba Ezkurdia. “Puntu hau irabazi beharra genuen bizirik irauteko, eta ezinezkoa izan da. Matematikoki play-offetan sartzeko aukeraren bat badago, baina geratzen diren hiru partidak irabaztea eta arerioek huts egitea... hori oso zaila da” aitortu zuen aurrelari arbizuarrak partida bukaeran.
Sailkapena
Sailkapena estu-estu dago. Jakak eta Mariezkurrenak dagoeneko finalerdietarako txartel zuzena lortu dute (9 puntu). Etxeberria-Zabaletak eta Artola-Imazek zazpina puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk, Altuna III.a-Martijak eta Elordi-Rezustak bosna puntu, eta Ezkurdia-Tolosak eta Laso-Arangurenek hiruna puntu.
Binakako hamabigarren jardunaldian ostiralean, Zornotzan, Peio Etxeberriak eta Zabaletak Laso eta Aranguren izango dituzte arerio. Larunbatean, Idiazabalen, Elordi eta Rezusta Artolaren eta Imazen kontra ariko dira, eta Labriten, Ezkurdia eta Tolosa Peña II.aren eta Albisuren kontra. Igandean, Atano III.ean Jakak eta Mariezkurrenak Altunaren eta Martijaren kontra jokatuko dute.
Ikusi beharko da Altunaren eta Zabaletaren lesioek nolako garapena duten. Lesioek maldan gora jarri dute Asperen Binakako txapelketa.