Txirrindularitza

Altsasu eta Etxarri, Itzuli historikoko helmuga eta irteera

Guaixe 2024ko urt. 29a, 12:56

Itzulia 2022an Etxarri Aranaztik pasa zenean. ARTXIBOA

63. Itzulia Basque Countryk bi etapa izango ditu Sakanan. Apirilaren 3ko etapa Ezpeletan hasi eta Altsasun bukatuko da, eta apirilaren 4koa Etxarri Aranatzen abiatuko da, Legution despeditzeko

Itzulia Basque Country berez lasterketa ikusgarria da, baina aurten antolatzaileek ikusgarriagoa egin nahi izan dute, 100 urte betetzen baitira lehen Itzulia egin zenetik, Gran Premio Excelsior izenarekin. Horregatik, Euskal Herri guztitik pasako da UCI World Tour mailako proba. 

Ilbeltzaren 26an, ostirala, aurkeztu zuten Itzulia, Irunen. Bertan abiatuko da lasterketa, apirilaren 1ean, astelehena, Irunen hasi eta despedituko den erlojupekoarekin. Bigarren etapa apirilaren 2an jokatuko da, Irunen hasi eta Kanbon despedituko dena (160 km), etapa gorabeheratsua. 

Sakanako etapak, ikusgarriak
Apirilaren 3ko etapa Ezpeletan hasi eta Altsasun despedituko da (190,9 km). Etapa luzeena izango da, eta ikusgarria izango da. Guztira sei mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek, Otxondotik hasita. Usategieta eta Uitzi iritsiko dira ondoren, eta Zuarrarratetik Sakanara sartuko dira, Altsasuraino iritsi eta Otzaurtetik Gipuzkoara sartzeko. Olaberriako gaina eta Lazkao gaindituta, Ataundik Lizarrusti igoko dute txirrindulariek, Etxarri Aranatzera heltzeko. Bertatik Altsasuko helmugara iritsiko da lasterketa. Ederra. 

Apirilaren 4ko etapa Etxarri Aranaztik abiatuko da Lautada alderantz, Opakua igo eta ibilbidea jarraituz Legutiora heltzeko (157,50 km). Bosgarren etapa apirilaren 5ean hasiko da Gasteizen eta Amorebieta Etxanon despedituko da (175,9 km), tartean Urkiola eta Muniketa gainak dituela, eta azken etapa, apirilaren 6koa, Eibarren hasi eta bukatuko da (137,8 km) eta Itzuliko etapa nagusia izango da, zazpi mendaterekin, tartean Gorla, Krabelin, Izua eta Urkaregi ezagunak. 

Euskal Herriko Itzulia askotan pasatu da Sakanatik, baina Itzuliak laugarren aldiz bisitatuko du Altsasu, aurretik 1977, 2002 eta 2005 urteetako etapa bukaerak hartu baitzituen aurretik. Gonzalez Linaresek irabazi zuen 77an, Aitor Osak 2002an eta Alejandro Valverdek 2005ean. Bestalde, Itzuliak bigarrenez bisitatuko du Etxarri Aranatz, eta behin ere Lakuntzatik atera zen. 

Sakandarren zaletasuna
Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu duenez, "Itzulian parte hartzeko proposamena iritsi zenean interesgarria iruditu zitzaigun, Etxarri Aranatzen eta Sakanan txirrindularitzarako sekulako zaletasuna dagoelako. Munduko txirrindulari onenak Etxarri Aranatzen gertu ikustea, taldeen aurkezpena eta halako lasterketa batek mugitzen duen azpiegitura guztia herrian izatea.. egun polita izango da". 

Altsasuko Udalak ere Itzuliko etapa jasoa du aurtengo aurrekontuetan. Altsasu txirrindulazalea da eta urtean hainbat lasterketa hartzen ditu, tartean Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen duen afizionatuen Altsasu Proba, 2023an 93. edizioa izan zuena eta estatuko beteranoenen artean dagoena. Altsasuko Udalak aurten Itzulia sustatzeko apustua egin du, herritarrek goi mailako lasterketa baten ikuskizun handia bizi dezaten.

Itzuliak 100 urte
Irungo aurkezpenean Itzulia "oso berezia" izango dela nabarmendu zuten antolatzaileek, Gran Premio Excelsior izenarekin jaio zela 100 urte ospatuko direlako. 1924an jaio zen, eta 1936 eta 1968 artean ez zen jokatu, Gerrate Zibilarengatik. 1969 urtean Bicicleta Eibaresa izenarekin errekuperatu zen, eta ondoren Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Bizikleta izenak izan zituen, azkenean Itzulia Basque Country izena hartzeko. Mendeurrena ospatzeko, Euskal Herriko probintzia guztietan sartu-irteera egingo du lasterketak.