Klima aldaketaren eraginez itsas maila igotzen ari da. Baina hori ez da herrien altuera aldarazi duena. Nafarroako Estatistika Institutuak, Nastatek, neurtzeko metodo berria jarri zuen indarrean joan zen urtean. Aldaketa egin du "altuera datu zehatzagoak" jaso ahal izateko. 2021era arte udaletxeetan zegoen marka bat hartzen zuten kontuan altuera zehazteko. Eta halakorik ez bazegoen bestelako bideak erabiltzen zituzten. Aldaketaren ondorioz erreferentzia puntua udaletxeko sarbideko kaleko kotara aldatu dute.
Arruazuko ikuspegia ezkila dorretik. ARTXIBOA
Beraz, herriek 2022an zuten altuerarekin konparatuta, altuera aldaketak izan dira Sakanako hamabost udalerritatik hamabitan. Ondorioz, Arruazu hogei metro altuago dago, Arakil dozena bat metro beherago eta Ergoiena zortzi metro beherago. Arakilen kasuan Itsasperri da altuera neurtzeko erreferentzia eta Ergoienan, berriz, Lizarraga. Hala jaso da Nastatek argitaratzen duen Izendegian. Etengabe eguneratzen den datutegi horretan, besteak beste, hainbat ezaugarritan izandako aldaketak ikusteko aukera dago, esate baterako: erroldatutako biztanleria, azalera edo altitudea.
Sakanako udalerrien altuera berria | ||
Udalerria | Metroak | Aldea |
Altsasu | 529 | 1 |
Arakil | 452 | -12 |
Arbizu | 496 | -1 |
Arruazu | 469 | 20 |
Bakaiku | 518 | -1 |
Ergoiena | 600 | -8 |
Etxarri Aranatz | 509 | 0 |
Irañeta | 463 | -1 |
Irurtzun | 464 | 0 |
Iturmendi | 527 | -1 |
Lakuntza | 488 | -1 |
Olatzagutia | 542 | 1 |
Uharte Arakil | 470 | -1 |
Urdiain | 553 | 0 |
Ziordia | 554 | 1 |