Lurreko Telebista Digitalaren emankizun estandarrei adio

Guaixe 2024ko ots. 5a, 09:00
Telebistako urrutiko agintearekin aparailua sintonizatzen. UTZITAKOA

Otsailaren 14tik aurrera bereizmen handian emititu beharko dute telebista kanal guztiek. TVEko kanalek 6an eginen dute itzalaldia, ETBkoek 8an eta kate pribatuek 14an.

Lurreko Telebista Digitaleko (LTD) kanal guztiak nahitaez hasi beharko dira emititzen bereizmen handian (HD, ingelesezko laburdura) otsailaren 14tik aurrera. Beraz, egun horretatik aurrera desagertu eginen dira kalitate edo definizio estandarreko kanalak (SD, ingelesezko laburdura), irrati maiztasunen espektrotik kanpo geratuko dira eta ez dira sintonizatuko. Bereizmen handiko LTDk irudi kalitate handiagoa eta soinu inguratzailea eskainiko ditu, telebista ikusteko esperientzia hobetuz. Irudiari dagokionez HD pantailek, gutxienez, 1.280 pixel horizontal dituzte 720 pixel bertikal eskainiko dute. 

Etxeetan gaur egun dauden telebisten %98 baino gehiago dagoeneko gai dira bereizmen handiko kateen emanaldiak sintonizatzeko. Beraz, etxean telebista dutenek egin beharreko aurreneko pausoa da jakitea haien telebistak emanaldi berriak hartzeko gai den edo ez. Telebista berriak horretarako gai dira, ez horrela zaharrak. Zalantzarik izanez gero, produktuaren fabrikatzailearen bezeroarendako arreta zerbitzuarekin edo dagokion produktuaren banatzailearekin harremanetan jartzea gomendatu dute, etxeko telebistak HDrako beharrezkoak diren ezaugarri teknikoak dituela ziurtatzeko. Aparailua ez bada bereizmen handiko emanaldiekin, bi aukera daude. Aurrena, HD ahalmena duen deskodegailua edo sintonizadorea erostea. Gailu horiek antena kablera eta telebistara konektatzen dira, eta LTD seinalea bereizmen handiko formatuan jasotzeko aukera ematen dute. Erabiltzaileek satelite bidez jasotzen badute LTD zerbitzua, deskodetzailea beharko dute. Atzena, telebista berria erostea. 

Telebista kanalen emisio estandarra desagertuko denez, ez da haiek ikusteko aukerarik izanen. Horregatik, etxeko telebista bereizmen handiko LTD hartzeko gai bada, kanalak berriro sintonizatzeko prozesua egin beharko da. Telebistako agintean bada horretarako botoi bat. Orokorrean urrutiko agintean "Menua" sakatu behar da, segituan "Konfigurazioa" eta "Kanalak bilatu" , azkenik, "Sintonizazio automatikoa" aurkitu eta sakatu. Bilaketa automatikoko prozesu horrek minutu batzuk behar ditu. Kateak berriro sintonizatzea ekintza erraza da, kosturik gabekoa eta telebista batzuetan automatikoki egiten da. Prozesua despedituta telebista kanalak nahi bezala ordenatzeko aukera izanen du ikusleak. 

Zalantzarik izanez gero Television Digital izeneko webgunera jo daiteke. Bestela, Telebista Digitalaren Erabiltzailearen Arretarako Bulegoarekin harremanetan jartzeko aukera dago 901 20 10 04 telefonoan.