Tafallako Miguel Indurain belodromoan mugimendu handia egon da berriki. Ilbeltzaren 27an VI. Espainiako Pista Kopako hirugarren trofeoa jokatu zen, Tafallako Hiria Saria. Sevillako Dos Hermanas eta Madrilgo Galapar trofeoen atzetik jokatu zen lasterketan Estatutik hurbildutako 160 txirrindulari baino gehiago lehiatu ziren Tafallan, pista txirrindularitzako probatan. Hiru sakandar izan ziren: Ane Berastegi Jaka arbizuarra eta Siets Goikoetxea Garde urdiaindarra, biak Beratxa taldekoak, eta Luca Martinez Los Santos lakuntzarra, Sakana Group-Aralar taldekoa baina Nafarroako selekzioarekin lehiatu zena.
Luca Martinezek kadeteen mailan parte hartu zuen. Lehiatu zen probetan egindako lan fina kontuan hartuta, Top 10ean sailkatu zen lakuntzarra, gizonezkoen kadeteen mailan zazpigarren.
Ane Berastegi eta Siets Goikoetxea junior mailan lehiatu ziren, bikain. Lan guztiak batuta, Izaro Etxarri (Andoain) izan zen txapelduna, Ane Berastegi bigarrena eta Irati Mitxelena (JRG Norclamp) hirugarrena. Siets Goikoetxea zazpigarren sailkatu zen, Top 10ean. Nabarmentzekoa da taldekako garaipena Nafarroak lortu zuela.
Azkena, Valentzian
Espainiako Pista Kopako laugarren eta azken proba otsailaren 4an jokatu zen, igandean, Valentziako Luis Puig belodromoan, Trofeu Ciutat de Valencia proba. Juniorren emakumezkoetan, Leire Almenak (Rio Miera) irabazi zuen, Ane Berastegi seigarren izan zen, eta Siets Goikoetxea hamabigarren.
Horrela, eta Espainiako Pista Kopan orain arte jokatutako lau lasterketak kontuan hartuta, juniorren emakumezkoen txapelduna Izaro Etxarri izan da (66 puntu), Ane Berastegi bigarren (56 puntu) eta Siets Goikoetxea laugarren (47 puntu). Gizonezkoen kadeteen mailan Marc San Martin (Balear Irlak) izan da txapelduna (73 puntu). Luca Martinez hamahirugarren postuan sailkatu da (25 puntu).
Bestalde, ilbeltzaren 28an El Caserio Valsay Pista Trofeoa hartu zuen Tafallak, Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria. Haurren mailan Quesos Albenizko Ezkai Lakuntza hogeigarren sailkatu zen, eta kadeteen mailan Sakana Groupeko Erik Laiglesia laugarren eta Luca Martinez bederatzigarren.