Sakanako bertsolariak Bertsoaroan

Guaixe 2024ko ots. 5a, 15:00

Eneko Lazkozek Bertsoaroaren hasierako Bertso Jaialdian parte hartuko du. ARTXIBOA

Otsailaren 8tik martxoaren 1era eginen dute bertsoaren inguruko jardunaldia Iruñean; Eneko Lazkoz, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Saats Karasatorre bertsolari sakandarrek parte hartuko dute.

Otsailaren 8an, osteguna, Bertso Jaialdiarekin hasiera emanen diote 2024ko Bertsoaroari, 19:00etan, Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan, eta hasiera jaialdi honetan Eneko Lazkoz etxarriarra, Amets Arzallus, Ehiñe Zapiain, Josu Sanjurjo, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza bertsolariekin izanen dira oholtzan; gai jartzailea Alaitz Rekondo izanen da. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean eros daitezke bost eurotan eta 14 urte beherakoek doan.

Otsailaren 17an larunbata, 11:00etan, Sanduzelaiko Civivoxean eginen duten haurrendako Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerrean Sakanako bi bertsolarik emanen dute: Ekain Alegre eta Idoia Granizo altsasuarrak. Tailerra 8 eta 12 urte bitarteko haurrendako bideratuta dago eta aurretik izena ematea beharrezkoa da otsailaren 15era arte nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan.

Saats Karasatorre etxarriarrak ere Bersoaroan parte hartuko du otsailaren 22an, osteguna, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan eginen dute Bertso Jaialdian. Harekin batera Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Joanes Illarregi, Jone Uria eta Xaba Illarregi izanen dira oholtzan, eta Ainhoa Larretxea gai jartzaile lanetan ariko da.

Sakandarrek parte hartuko duten bertso saioak ez ezik, bertsoaren bueltan ekitaldi gehiago izanen dira Iruñean. Otsailaren 14an, asteazkena, 19:00etan AMAraun. Bertsoa, musika eta dantza, amatasunaren inguruan saioa izanen da Oihana Iguaran bertsolariaren eta Amaiur Luluaga dantzariaren eskutik. Otsailaren 23an, ostirala, 19:00etan, Gaztelu Plazako LABAn Gazteen bertso saioa izanen da, Eki Mateorena, Kattin Madariaga, Janire Arrizabalaga, Jon Mendiluze, June Aiestaran eta Sabin Abarrategi bertsolariekin, eta Ainhoa Larretxe gai jartzailearekin.

Programa ixten otsailaren 28an, asteazkena, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga bertsolarien bertso saio espekulatiboa. Etorkizuna bertsotan pentsatzen izanen da; Maite Berriozabal izanen da gai jartzailea. Bertsoaroarekin amaitzeko Bertso Afaria izanen da martxoaren 1ean, ostirala, 21:00etan, Geltokin, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Sari Robles bertsolariekin, gai jartzailea Ander Aranburu izanen dela. Sarrerak 28 eurotan eros daitezke Geltokiren webgunean.