Asteburuan erregional mailako laugarren multzoan hamalaugarren jardunaldia jokatu zen eta Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak garaipen sendoak lortu zituzten.
San Donato zelaian Etxarri Aranatzek Zizur taldea hartu zuen. 10. minutuan Xabier Galanek Etxarriren markagailua mustu zuen, eta handik gutxira Gorka Alonsok bigarrena sartu zuen. Atsedenaldia eta gero partidak joera berberarekin jarraitu zuen, Etxarrik ez baitzion Zizurri aukera bat ere eman. Kevinek Etxarriren hirugarren gola sartu zuen, eta nahiz eta Zizurrek Etxarriren atea zulatu (3-1), Etxarrik ez zuen etsi eta laugarrena sartzeko aukera izan zuen (4-1), garaipenaren xendara itzuliz.
Lakuntzako Zelai Berrik Lagun Artearen eta Lekunberriko Beti Kozkor B taldearen arteko lehia hartu zuen. Bi taldeak paretsu hasi ziren, baina 20. zatian Yonatan Davilak Lekunberriko atea zulatu zuen, eta 10 minutu beranduago Sael Ozoriak lakuntzarren bigarrena sartu zuen. Bigarren zatian lehia estua izan zuten bi taldeek, baina partida bukaera aldera Gorka Hernandezek Lagunen hirugarren gola sartu eta berehala Beti Kozkorren erantzuna iritsi zen, 3-1 gerturatu baitziren. Partida bukatzear zegoela, 90. minutuan Lagun Artearen laugarrena sartu zuen Yonatan Davilak, eta 4-1 irabazita, ospakizun ederra egin zuten lakuntzarrek.
Sailkapena
Mutilvera C taldea da erregional mailako laugarren multzoko liderra (39 puntu). Etxarri Aranatzek bigarren postua berreskuratu du (35 puntu), Ardoi B taldeari 2 puntu aterata (33 puntu). Lagun Artea zazpigarren da (25 puntu). Erregional mailako hamabosgarren jardunaldian atseden hartzea dagokio Etxarri Aranatzi. Lagun Arteak, aldiz, Sanduzelain jokatuko du otsailaren 18ean, 24 punturekin sailkapenean bederatzigarren eta arerio zuzena den Liceo Monjardinen kontra.