Euskalgintzak dirulaguntzak eska ditzake Mank-en

Guaixe 2024ko ots. 15a, 11:00

Unanuarrak kalean. ARTXIBOA

Eskabideak martxoaren 31ra arte aurkeztu daitezke Mank-en edo erregistro elektronikoan.

Ibarreko euskalgintzari eta euskara sustatzeko jarduerei diruz laguntzeko deialdia egin du Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Mank-ek 5.000 euroko poltsa bideratu du horretarako. Deialdiak 2023ko azaroaren 1etik 2024ko lastailaren 31ra bitartean burutuko diren ekintzak hartuko ditu kontuan. Beti ere euskararen erabilera sustatzea helburu espezifiko eta nabarmena duten egitasmoak badira. Hala ere, deialditik kanpo geldituko dira Mank-en beste edozein esparrutan dirulaguntza jaso dezaketen egitasmoak, baita haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak ere. 

Deialdian interesa duen erakundeak eskabidearekin batera, IFKaren fotokopia, jardueraren plangintza zehaztua, hari lotutako diru-sarreren eta gastuen gaineko aurrekontua eta beste erakundeek jarduera bererako emandako dirulaguntzen inguruko aitorpena aurkeztu beharko du. Eskabideak Lakuntzako egoitzan edo egoitza elektronikoan aurkez daitezke. Deialdiaren berri sakana-mank.eus webgunean dago. Bestela, hona jo: euskara1@sakana-mank.eus edo 948 464840.

Laguntza zerk jaso dezake?
Diruz lagunduko ditu euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburua duten egitasmoak eta euskararekiko jarrera hobetzekoa dutenak. Zehazki honako egitasmoak: ezagutzatik erabilerarako jauzia egitea helburu dutenak, euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbil daitezen helburua dutenak; euskararen ondarea jaso, gorde edota hedatzea helburu dutenak; euskararen hainbat alderdi aztertzea helburu duten jardunaldiak; euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak; euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu dutenak; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu dutenak; euskarazko sormen kulturala bultzatzea helburu duten egitasmoak; etorkinen artean euskararen erabilera sustatzea helburu dutenak eta euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.